Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Diputatu andereak arrazoi osoa du

Diputatu andereak arrazoi osoa du

Amatiño 2010/02/17 22:47
Arantxa Tapia Gipuzkoako Garraio Diputatuak arrazoi osoa du 'low-cost'eko hegazkin-konpainiek xantaia egiten dutela salatzerakoan. Xantaia ezezik baita iruzurra ere, ezarriko nuke nik neuk, Ryanair konpainiak Forondan egindakoa kasu. Hau da, 643.000 euro kobratu ondoren Arabako Diputazioarekin hitzartutakoa bete ez.

Low-costeko zenbait hegazkin-konpainia pirateria hutsean ari da azken urteotan. Erabat ahaztu ez badut behintzat, duela zortzi urte edo,  Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari milioi bat euro eskatu zizkion Irlandako Ryanair konpainiak Forondako aireportura 100.000 inguru bidaiari berri ekartzearen truke, hamar euro bisitari berriko alegia. Ez zirudien bidaiariko lartxo zenik eta gure erantzuna, berriz,  baserritar xumearena: Bapo, erakarri itzazue ahal dituzuen guztiak eta guk hamar euro ordainduko dizkizuegu bidaiari berri bakoitzeko, ehun mila nahiz gehiago ekarri. Irlandarrek ez zuten, ordea, gure proposamenik onartu. Zergatik ote? Ba milioia eskutan nahi zutelako eta bidaiariak, aldiz, geroko gerotan, hegan… Harrezkero Arabako Diputazioa konbentzitu zuten eta hitzarmen-epea amaitu aurretik benetan hegan egin zuena konpainia bera izan zen, 643.000 euro kobratu ostean, hori bai.

Bai, Arantxa Tapia Gipuzkoako Garraio Diputatuak arrazoi osoa du low-costeko hegazkin-konpainiek xantaia egin ohi dutela salatzerakoan. Ondo egiten du, bai, Garraio Diputatu andereak. Ongi egiten du low-costeko hegazkin-konpainiez batere fio ez delako. Eta primeran egiten du sistema bera zalantzan jartzen duelako. Izan ere, zilegi da administrazio publikoa zenbait ekimen suspertzen ahalegintzea, baina ez duena zentzurik zera da: enpresa pribatuaren ustiapen-kontuan diru publikoa ohiko mozkintzat jotzea.

Hala ere, hegazkin-konpainien alde edo esan dezagun, ez dugula sekula zehatz-mehatz jakingo zein arraio izan ote zen jatorrizko erruduna. Hau da, hegazkin-konpainiak hasi ote ziren administrazio publikoak xaxatzen ala hegaldi-zerbitzu askorik gabeko administrazio publikoek ekin ote zioten hegazkin-konpainiak zirikatzeari.

Urrunegi joan gabe, honelako zerbait gertatzen ari da gurean pilotaren inguruan ere, hainbat enpresak dirua eskatzen baitie udalei herrian pilota-partidak antolatzeagatik. Galdera zera da: enpresek ekin zioten pilota-partidak antolatzeagatik udalei dirua eskatzen, ala euren herrian sekula pilota-ikuskizunik  ez zuten udalak hasi ziren dirua eskaintzen?

Auskalo gero zein den katramila honen benetako sustraia baina, kantxetan zein hegaldietan izan, ez dut inondik ere uste diru publikoak horren erraz eta usu sartu beharko lukeenik muturra. Tapia diputatu andereak arrazoi.

elkar488[1]

Arantxa Tapia Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Diputatua. Nafarroako Unibertsitatean Industria Ingeniaritzan Doktoradutza eta Euskal Herriko Unibertsitatean Sistema eta Automatika Ingeniaritza arloko katedraduna

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: