Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Dezibel guztiak ez dira berdinak

Dezibel guztiak ez dira berdinak

Amatiño 2014/08/14 18:00
Gizarte zaratatsuan bizi garenik ez dago zalantzan. Gero eta zaratatsuagoa, gainera. Industria-iraultzak, garraio-egiturak eta hirien handitzeak eragin dute egungo zarata-kutsadura. Zarata dezibeletan neurtzen da. Dezibel denak, teoriaz, berdinak dira, jakina, Baina guztiek ez digute berdin erasaten.

Europar Batasunaren datuei jaramonik egingo badiegu, 170 milioi europar bizi dira gehiegizko zaratapean, gauez, 55 dezibeletik (dB) gora; eta 80 milioi egun guztian zehar, 65 dBen gainetik. Zarata da edonon, etxean, lantegian, eskolan, tabernan nahiz hainbat atseden-lekutan.

Oro har, animaliek ez bezala, gizakiok nekez entzuten dugu 20 dBetik beherako soinurik. 75-125 dB bitarteko hotsak entzumena kaltetu omen dezake eta “belarriko mina” ematen du 125 dBetik aurrera. Ohiko solasaldiak 50-60 dB eragin ditzake eta trafiko handi samarrak, 70 dB.

Gehiegizko zarata-arrisku honek eta elkarrekin bizi beharrak erakarri dute hots-maila arautu beharra. Tokian tokiko arautegiak han-hemenka aldatu izaten diren arren, nolabaiteko mailadia honelatsu dateke gehienez: hospitalak, liburutegiak eta museoak, 30 dB; zinemak, antzokiak, hitzaldi-aretoak, eskolak eta ostatuak, 40 dB; bulegoak eta herri-administrazioa, 45; jatetxeak eta tabernak, 55; lantegiak, 60; trenak, 65; diskotekak, 90 eta kontzertu-saioak, 100 dB.

Gero datozke, jakina, unean uneko egoera bereziak eta partikularrak. Esaterako, taberna-gainean bizi denarentzako ez da berdin, beheko atea itxita dagoen ala bezeroek atarian diharduten. Berdina ez den bezalaxe trena pasatzen entzun beharra goizean goizo ala eguerdian. Futbol-partida bat ez da, behar bada, zaratatsuegia, baina, azken minutuan etxeko taldeak sartutako golak eragiten duen durundia “legezkoa” al da?

Nahiz hiritarrok ez konturatu, edo zenbaitek besterik uste arren, teknologia aurreratuek ikaragarri murriztu dute zarata. 1970etik honako maila alderatuz gero, autoek %85 gutxitu dute hotsa, hegazkinek %90 eta kamioiek ia %95.

Nago, ordea, arlo honetan ere industria dela zainduena, inori jartzekotan industriari jarri ohi baitzaizkio kontrolak eta hots-neurgailuak. Adibidez, aurreko asteburuan estreinako ezagutu nuen igerilekuan zegoen harrabotsa (haurrak pozarren txilioka eta euren gurasoak, arduraz, orroaz) 82 dB bestekoa zen; hau idazten ari naizela aurrez aurre dudan barauts ibiltariaren burrundara 87 dB bezainbatekoa da eta suzko erroberena, berriz, 110-120 dBtik gorakoa.

Zarata-maila horrekin, industria balira, hiruak itxiko lituzkete biharamunean.

Piszina

Atsedenerako igerileku ederra, lasaia eta eguzkitsua, baina ez gero isila

Barautsa

Aldats gora zulaketan diharduen tramankuluak ezein industriatan onartuko liratekeen markak hausten ditu

us-15-fuegos_artificiales-002.jpg

Jaietako suak, berriz, haurrak izutzeko eta txakurrak uxatzeko besteko hotsa

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: