Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Denok ikuskizunaz konforme

Denok ikuskizunaz konforme

Amatiño 2026/08/28 23:55
Ez dirudi erraz-erraza izan daitekeenik 1970eko euskal kanta berria, “trova” kubatarra, Xalbadorren heriotzaren 50. urtebetzea, Sorozabalen Debako Martxa, Jose Francoren pasadoble-airea eta Lizardiren tango-kutsua elkarrekin uztartzeaz gainera, entzuleak kantatzen jartzea. Baina lortu lortu du bart, Deban, Iñar Sastre jarduera-artistikoaren irakasleak, Ainara Ortega abeslariaren eta Alejandro Martinez biolontxelo-jotzailearen laguntzaz.
 Denok ikuskizunaz konforme

Ainara Ortega

Iñar Sastreren Ez dok hamairu gogoan moldaketa ardaztzat hartuta, Ainara Ortegak Lourdes Iriondoren Ez gaude konforme kantarazi zigun, Mikel Laboaren Komunikazioa-Inkomunikazioa/Lizardi gogorarazi eta, Xabier Leteren Habanera tarteko, Pablo Milanés eta Silvio Rodriguezen sintonian jarri, Alejandro Martínez kubatarraren biolontxeloaren eskutik, hain zuzen ere.

Ezin bestean, Pablo Sorozabalen Debako Martxa ez ahazteko eskakizuna bete zuen hirukoteak, eta behin lege zaharreko eresietan sartuz gero, gogotik omendu zuten José Franco y Ribate konpositore aragoitarra, ez baitzen alferrik urterik gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan bizi izan --Bilbo, Bermeo zein Irungo udal-banden zuzendari-- eta historiak “euskal” konpositoretzat jo.

Zer esanik ez,  guztiok ere Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean ahopeka kantatzen amaitu genuela Ainara Ortegaren batutapean, eta, entzuleen batez besteko adinaren arabera (gazteenak taula gainean zeuden), esango nuke gehienok etxeratu ginela berrogeita hamar urte gutxiago bagenu bezala.

Behar bada, 50 edo 60 hamar urte geroago ere jarraitzen dugu ez lar konforme egoten, baina, atzo behintzat, denok atera ginen Debako XVI. klaustrotik ikuskizunaz konforme. Bada zerbait.

Ez gaude konforme
Iñar Sastre, Ainara Ortega eta Alejandro Martinez, Debako klaustroan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal