Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Demokraziaren garaipena ala demokraziaren porrota ote?

Demokraziaren garaipena ala demokraziaren porrota ote?

Amatiño 2026/02/22 20:35
Azken estatu-kolpearen (1981.02.23) 45. Urtebetetzearen bezperetan, RTVEk (1) irekian eskainiko du, gaur afalostean, “Anatomía de un instante” (2) telesaila, Javier Cercas idazlearen izenburu bereko nobelan (3) oinarritua.
Demokraziaren garaipena ala demokraziaren porrota ote?

Istanta

Bat-batean esate aldera nobelatzat aipatu ohi den arren, Javier Cercasen idazlanak askoz ere gehiago du historiatik fikziotik baino eta,  nabarmen gehiago, ikerketa-kazetaritzatik kronika historikotik baino, saiakera politiko gisa egiten dituen ausnarketa sakonez gainera (4). 

Nobelagileak berak aitortu izan duenez, gertakariek nobela on bat burutzeko besteko materiala eskaintzen zutenez, nobela idazteari ekin omen zion baina, datuak jaso eta jaso beharraren beharrez, hainbeste bildu zuen ezen, noizbait erabaki zuela –berez ez historialari eta ez kazetari ez izan arren-- fikziorik onenak ere nekez gaindi lezakeela errealitatea (5).

Aukeran, liburua telesaila baino askoz ere intereresgarriagoa (6) da, eta, seguru gero, honezkero esan beharreko gehiena --edo larriena-- jakinekoa (7) dela. Hala ere, ni gehien harritu nauena da zein gutxi azpimarratu izan den Cercasek bere hitzaurrean egiten duen burutapena, hau da: nahiz berak hasiera beretik (8) uste izan otsailaren 23ko estatu-kolpea demokraziaren erabateko porrota izan zela, harako gertaera hura igaro dela historiara demokraziaren guztizko garaipena izan balitz bezala.

Alegia, oro har, gertatuaz gehien zabaldu den kontakizun nagusiak azpimarratu izan arren matxinatuek ez zutela batere herri-onespenik izan, eta orduko erakunde demokratikoek, hiritarrek, alderdiek, sindikatuek eta hedabideek aurre egin ziotela eredugarri estatu-kolpeari, Cercasek berak, ostera, bestelakorik uste duela. Hau da, hiritarren erreakziorik ezak, alderdi politikoen zein sindikatuen erantzukizun faltak eta, zenbait kasu urri salbu, hedabideak eta erakunde demokratikoak noraezean begira geratu izanak ezer gutxi egin zutela harako jazarpenari erantzuteko (9).

Beste modu batez esanda, ondo amaitu zen arren, funtsean, ataka, demokraziaren garaipena baino, hainbeste kostatutako demokraziaren defentsaren porrota izan zela (10).

---ooOoo---

1) Ordainduz gero, Movistarrek eskaini izan du 2025eko azaroaren 20tik aurrera.

2) “Anatomía de un instante” telesaila.

3) "Anatomía de un instante" liburua.,

4) Adibidetzat, "Kolpista bat kolpearen aurrean" atala, non, besteak beste, jartzen dituen aurrez aurre 1936an  Francoren altxamendua defenditu zuen Manuel Gutiérrez Mellado 24 urteko soldadu arrunta, batetik,  eta 1981ean kolpea ekidin zuen 69 urteko Gutiérrez Mellado kapitain jenerala,bestetik..

5) Izatez, Javier Cercasen idazlana datu zehatz eta egiazkoen erreferentziatzat hartzen da gaur egun. 

6) Ez, soilik, 600 orrialdeko idazlana 200 minutuan laburtu beharrak erakar dezakeen galeragatik, baizik eta, batez, ere, mugarri kritikoak gorde ahal izan arren, telesailak galtzen dituelako Cercasen gogoeta pertsonal mamitsu eta luze bezain adierazgarriak. 

7) Artxiboak egunotan desailkatuko dira 45 urteren ondotik.

8) “La tragedia y el tiempo”. La verdad de Agamenón. Tusquets Editores, 20026.

9) 1981eko otsailaren 23an Eusko Jaurlaritzaren Kultura saileko Euskara zuzendari nintzela, arratsaldeko 7tan, biharamuneko batzarra prestatu ezinean niharduen, bakar-bakarrrik eta erdi ipurtargitan. Halakoren batean, Ramon Labaien sailburua agertu eta mutur beltzez esan zidan: "Zer egiten dezu hemen? Hau ez da gaur inor egoteko trokirik egokiena. Alde etxera!" Dena bertan behera laga, autoa hartu eta, egunero bezala, Urkiolan zehar, etxeratu nintzen. Ohiko iluntzea zen arren, gau erdiko ordu txikiak zirela ematen zuen. Inor ez, gero. Ez Lakuan, ez Otxandion,  ez Durangon eta ez Eibarren. Errepideak eta kale-bazterrak huts-hutsik. Denok nork bere  burua ezkutatu gurarik-edo. Konpondu beharrekoak --konponbiderik edo konpondu beharrik izatekotan-- beste norbaitek konponduko zituelakoan.

10) Cercasek dioenez, kolpistak 15 minutuan baino ez ziren egoeraren jabe izan. Euren arteko hiruzpalau bururen ulertu ezak eta, aldi berean,  Erregeren inguruko bizpahiru lagunen ezusteko informazioak  hankaz gora jarri zuten Estatu-kolpea. Baina alderantziz gertatzerik ere izan zitekeen, jakineko sei-zazpi lagunen artean erabaki baitzen jokoa.




Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal