Debabarrendarrok badugu euskarazko astekaria: BARRENA
Estreinako lehena, aurkezpen gisako froga-edo abenduaren 19an. jaso genuen (1) ustekabean. Ezustean bai, baina ez, ostera, bat-batean, zerutik jaitsi izan balitz bezala, Barrena Komunikazio Taldeak sei urte behar izan ditu-eta egitasmoa burutu eta kaleratu ahal izateko. Funtsean, Ermuko Euskal Birusa, Soraluzeko Pil-pilean, Elgoibar eta Mendaroko Barren eta Debako Zuhatza elkarteek aho batez burututako egitasmoa da. Beste modu batez esanda, orain arteko Drogeteniturri, Pili-pilean, Barren eta Berriketan astekariek, elkarrekin eta Debabarrena eskualdean zehar, osatutako hedabide bateratua.
Barrena astekariak helburutzat du Debabarrena arroko euskarazko informazio-erreferentzia izatea, eta horretarako egiteko nagusi bi izango ditu: kazetaritza ona egin eta eduki multimediak eskaini, hamahiru behargineko lantalde profesionalaz eta irabazi-asmorik gabeko kooperatiba gisa
Hedabide berriak tokiko informazioa du ardatz, baina, izenaren jabe, herriz herrikoaz gainera bailara mailakoa ere eskainiko du, paperez (32 orrialde aleko) zein egitura digitalez (barrena.eus). Biak ala biak doan, “barrenakideen” (2) partaidetzari muzinik egingo ez zaion arren. – Kooperatibak hiru hanka ditu: bazkide erabiltzaileak –lau euskara-elkarte sortzaileak—, lan-bazkideak –bertako langileak— eta bazkide laguntzaileak –udalak eta bestelako erakundeak--, Euskaltzaindiak (3) euskarazko hedabide multimediak eskualdeka bultzatzeko indarrean jarritako estrategiaz, eskualde bakoitzeko udalen eta, kasu honetan, Bizkaiko zein Gipuzkoako aldundien babesaz.
Laburbilduz, euskara alorrean, oro har, eta euskal hedabideen sektorean zer esanik ez, Barrena Komunikazio Taldeak abian jarri duen ekimena berebizikoa da taxuz eta zentzuz. Taxuz, bailara mailan Debabarrena eskualdeak jasaten zuen hutsune mingarri bezain lotsagarria betetzera datorrelako. Eta, zentzuz, “Barrena” astekariak eman ahal izango digulako debabarrendar guztioi, ezinbestean osatzen dugun komunitatearekiko atxikimendua, herrien arteko lokarria eta euskarazko hedabide bateratuaz jabetzeko aukera. Aipagarri bezain aspimarragarri gainera, Arrate Irratiarekin sinatutako lankidetza estrategikoaren hitzarmena.
Eibar eta Mutriku falta
Hala ere, nabarmena, gero, Debabarrenako egitasmo bateratu honetan, Eibarko Eta kitto eta Mutrikuko Kalaputxi aldizkarien falta (4). Nork bere arrazoi eta erritmoak (eta erantzukizunak) ditu (5), eta ez naiz ni epailearenak egiten hasiko. Baina zilegi bekit esatea, besterik frogatzen ez den bitartean, behintzat, eztabaidatezina dela bere zakarrak elkarrekin biltzeko gai den Debabarrena eskualdea ez dela, hasiera beretik bederen, euskarazko hedabide bateratua burutzeko gauza izan.
---oo0oo---
1) Lehen alea Gabonak aurretik atera zen arren, bigarrena jaien ondotik kaleratuko da, astez aste hemendik aurrera.
2) “Barrenakideak” izango dira, euren atxikimendua estutzeko, “Barrena”ren parte eta hedabidearen komunitatearen kide ere izan nahi izango duten herritarrak, urtero horrenbestekoa ordainduz, zenbait abantaila zehatzen truke. Ikus Barrena.eus/egin-kide.
4) Kasu biak nabarmen berdinezak dira.
5) Eta beti ere gomendagarri litzateke ahalik eta azkarren hurrengo urteetan nagusituko den ildoa hartzea, bakardadea, tristea eta damugarria izateaz gainera, nekez izan daiteke-eta luzera eredu irabazlea.
