David Hockneyren jardunbideak
Abandotik bueltan, orain badakit, badakigu, nor den eta zer egin duen David Hockneyk 1998tik honako azken hamarkada luze honetan. Baina Hockneyk 61 urte zituen 1998an. Zer egin ote zuen ordu arte? Auskalo!
Bilbo bero galdatan da. Ez dabil inor kaleetan zehar. Denak Guggenheim-en dira, nonbait, Frank Gheryren museoa jendez gainezka baitago, bigarren solairuan gehienbat, David Hockney pintorearen koadro pilaren inguruan. Koadro pila… batek daki Yorkshireko artista langile amorratua ote den ala ikaragarri samur pintatzen duen, baina bai gero etorria, joritasuna joritasunik bada!
Bidea ibiliz egiten omen da eta David Hockneyk bideak, bidexkak eta bidezidorrak ditu gogoko. Jardunbide berberetsuak behin eta berriz, errepikaz errepika, sasoirik sasoi, lau urtaroetan zehar.
Galanta, demasa, ikusgarria, “The arrival of spring in Woldgate” irudi garauarekin batera beste berrogeita hamarren bat margo lau hormaren baitan biltzen dituen gela. Koadro, lauki edo pintura baino, “margo” aipatu behar kasu honetan, berau baita segurutik adierarik aproposena hainbeste kolore bizi hitz bakar batez laburbiltzeko.
Hala ere, margo-sorta oparoa ez ezik, guztiz gomendagarria didaktika sailean etengabe indarrean dagoen ordubeteko bideoa. Zumetak esan zidan behin pinturak ez duela literatura beharrik bere burua adierazteko. Ziurrenik arrazoi izango du usurbildar artistak, baina artea hain barrenetik bizi izan ez dugun morroiontzat mesedegarri eta onuragarri baino ez dira han-hemenka guregana ditzakegun azalpenak, argibideak, aztarrenak eta nondik norakoak.
Bideak, bidexkak, bidezidorrak eta jardunbideak