Dantzan egiten zuen Herria
Euskaraz aurrenik argitara eman zen lehen liburuan (Linguae Vasconiae Primitie. Bernart Etxepare. Bordele, 1545) badira elkarren arteko antza duten bi poema, Kontrapasa eta Sautrela, egungo euskal kantagintzan ezagunak izateaz gainera, “euskara mundura, plazara eta dantzara ialgitzeko” gonbitea egiten dutenak. Baina, Kontrapasa eta Sautrela poemen izenburuak dantza-izenak direnez gero, behar bada bertsoak ez dira euskara mundura ialgi eta dantzan jartzeko metafora soilak, bete-betean dantzan egiteko doinuak baizik. Alegia, dantza-erritmoak baino ez direla eta, hartara, euskaraz idatzitako lehen liburua doktrinazkoa eta amodiozkoa ez ezik, dantza-liburua ere badela.
Segurutik euskaraz sekula idatzitako lehen “historia” da Joan Ignazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (1824), non zaldibiarrak frogatzen duen dantza-kontuak zein garrantzi handia zuen euskal gizartean barrena eta aurreratzen dituen, estreinako, dantza-galeraren arriskuak.
Hirurogeita hamar urte geroago (1894), Eusko Alderdi Jeltzaleak batzoki-sarea indarrean jartzea erabaki-eta, lehen egitasmoetakoa izan zen batzokiz batzoki dantza-talde bana antolatzea, gazte-jendea bertaratzeko eskaintza erakargarria zelakoan.
Gazteen eta ez hain gazteen arteko euskal ezaugarria izan da dantza. Gogoan izan Eusko Ikaskuntzaren sorrera-egunean (1918) dantza egin zutela Oñatin garaiko euskal agintari eta intelektualek. Eta, era berean, lehen Aberri Egunean (1932) soka-dantzan egin zutela ordezkari politikoek. Halaber, jakinekoa da Eusko Jaurlaritzak Eresoinka taldea sortarazi zuela (1936), Euskadi gerratan zegoela munduan zehar adierazteko eta nazioarteko laguntza aldarrikatzeko. Tartean, dantzarietakoa, Nestor Basterretxea, gerora industria- diseinugile, zinegile eta eskultore izango zena.
Mutilen mutilazioa
Laster beteko dira 500 urte Etxeparek Kontrapasa eta Sautrela argitara eman zituela, eta martxa honetan, urtebetetze-egunean euskaldunek nekez kantatu ahal izango dugu “euskara ialgi hadi dantzara”. Astiro astiro, ia oharkabean, euskal dantzak maldan behera egin du Iztuetak lehen susmoak salatu zituenetik hona, baina, azken 50 urteotako galera, maldan behera baino, amildegian behera joan da. Batez ere mutilei dagokienez.
Egungo mutikoek erreferentziarik gabe geratu dira, ez dute uste normala denik mutilek dantzan egitea. Eta, giroaren kontra eta eragozpen guztien gainetik, berezko zaletasunari amain eman nahi izan dioten gaztetxo ausartek, lagunen irria, iseka eta gaizki-esaka baino ez dute jasotzen, guztion artean amaitu baitugu onartzen dantzan egitea “emekeria” dela.
Guztion artean diot, honetaz guztiok gara-eta errudun: aitona-amonak, gurasoak, anai-arrebak, lagunak, “adiskideak”, eskolakideak, irakasleak eta erakundeak. Denon artean lortu dugu Oier Araolazak aurreko astean Euskadi Irratian salatu zuen “mutilen mutilazioa”. Euskal dantzatik at geratuko liratekeenak neskak balira ez ote zuen inork ezer esango?
Berrizko eta Garaiko dantzari zaharrak
1973 urtean ezagutu eta elkarrizketatu nuen, Berrizen, Bittor Bernas "Deskarga" dantzaria, ordurako berrogeita hamabost urte inguru zituena. Hamahiru urte geroago, 1986an, Galdakaoko Santakruzetan, "dantzari zaharrak" aritu ziren Erregeletan. Bittor Bernasez gainera, elkarrekin izan ziren Leandro Gorrotxategi "Zapaterue" zein Berrojalbiz berriztarrak, eta Garaiko Sabino Ibabe "Metxas" eta Oregi anaiak. Gaur egun, seguru gero, ez zitzaiela burutik pasatuko ere dantzan egitea gizonen kontua ez zenik. Egun hartako bideoa ikusi besterik ez dago.
Belaunaldi hartatik Sabino Ibabe garaitarra baino ez da gaur egun bizi. Jaioko dira berriak, bai, eta, jaiotzez, denak edo gehienak jaioko dira dantzarigai. Baina nekez egingo dute gerora dantzan, dantza egiten ez duen Herrian jaioko dira-eta.
Iurretako dantzariak, Berrizko Ereñan, 1973ko Sanpedroetan. Aurrez, ezkerretik eskuinera, Joseba Elorriaga “Txorri”, Mikel Sopelana, Jesus Mari Uribelarrea “Txiflis” eta Jose Jabier Abasolo “Tiliño”. Atzez, Jon Elorriaga, Jose Antonio Urien, Pedro Mari Aldekoa-Otalora, Anttonmari Aldekoa-Otalora. Barrenean, tente asko, Donianatxa, San Juan zuhaitza.
Egun berean, Durangerriko "Ezpatadantzari Eguna" zela-eta, Gerediaga Elkarteak gorazarre egin zion Serafin Amezua Usaola "Txanbolin" txistulariari, Patzikutarren azkena izan zenari. Haren etxeondoan "harritzarra" jarri zen eta Banango Zaharra dantzatu.