Bertan Bilbo!
Ideia ez da berria. Guy Nègre ingeniari frantsesak hamabost urte inguru daramatza aire konprimitu hutsez ibiliko den beribila merkatuan jarri gurarik. Teoriaz ez da zaila. Sistema ez da zeharo berria ere. Joan zen mendeko laurogeigarren hamarkadan baziren euskal dendetan aire konprimituzko kartutxoez zebiltzan sukalde-irabiatzaileak. Etxekoandreen arteko arrakastarik ezaz edo, oharkabean ezkutatu ziren isilik misilik, erosoegiak edo praktikoegiak ez zirelako, antza.
Geroztik, 2007an, egitasmoaren ahalak indartu egin ziren, Guy Nègre asmatzaileak Tata Motors Indiako auto-fabrikatzailerik handienaren diru-sustapena lortu zuenean. Eta oraingoan badirudi baietz, irudi du bost urteren bueltan datorren udaran aurkeztuko dela, azkenik, erregairik gabe mugitu ahal izango den zorioneko beribila.
Mini Cat zaio izena beira-zuntzez moldatutako hiri-auto honi. Motor-pistoiak aire konprimituz eragingo dira, barne-agindu guztiak elektronikoak izango eta 7.000 € ingurutan salgai jarriko.
Beste zenbait zertzelada aipatzekotan, azkarrenez 105 km. ibiliko da orduko, 300 kilometroko autonomiaz euro erdi baino ez du kontsumituko 100 kilometroan, eta aire-tanga bizpahiru minututan bete ahal izango da edozein “gasolindegitan”.
Bertan Bilbo... baina ez, badaezpada, larregi fio!
Aire konprimituzko motorra