Cherchez la femme
- Nadia Boulanger
- Azer Lyutfaliev
Azerrek ekin zion biolina jotzen ikasteari 1984ean, artean Azerbaijan Sobietar Batasunaren parte zela eta, Perestroikaren (1991) ondotik, Errusiako Orkestra Nazionalak Europan barrena emandako lehendabiziko kontzertua Bilboko Arriaga Antzokian eskaini zuen, Azer biolin-jotzailea bertan zelarik. Euskal Herriaz maitemindu eta Bilbao Orkestra Sinfonikoan aurkeztu zuen bere burua. Geroztik hogeitaka urte luze joan dira.
Azer Lyutfaliev eta Astor Piazzolla
Sobiet Batasuna desegin zen garai berean hil zen 1992an, Buenos Airesen, Astor Piazzolla, “tango modernoaren aita”. Edonon azpimarratu izaten da Piazzollak tangoaren eraberrikuntzan egindako hil ala biziko ekarpen paregabea, baina ez da horren sarri aipatzen, tangoaren inguruko hainbat urraspidetan (jazz-eta) noraezean aritu ostean berriro ere musika klasikora itzultzeko tentaldia izan zuela eta, Nadia Boulanger irakasle frantsesak kontrakorik egin izan ez balio, ez zela segurutik inoiz nazioarteko Piazzollarik izango.
Piazzolla Argentinara itzuli zen eta, tradizioaren kontra eta kontserbadoreen eskandalugarri, tangoa irauli zuen. “Ez dantza errazteko, baina bai entzungarriago egiteko”, Lyutfalievek hitz bitan zehaztu bezala.
Euskal Herrian, tangoaren erreferentziarik ezagunenak Carlos Gardel eta Carlos Acuña (2) izan genituen 1970 eta 1980eko hamarkadetan, eta ez dut uste inork gogoan zuenik --herri mailan, behintzat-- nor zenik ere Piazzolla, 1992an hil zen arte (3), nahiz hamar urte lehenago Oblivion (4) bezalako tango unibertsalik burutu izan.
Azer Lyutfaliev maisu azerbaijandarra eta makinatxo bat gehiago tarteko, gaur egun tangoak galdu du Buenos Airesko “Corrientes” edo “Caminito” kaleen jatorrizko giroa baina, aldi berean, sekula ez da munduan entzun gaur egun bezainbat musika argentinar.
Cherchez la femme. Nadia Boulanger musikariak, “musika-pedagogiaz inoiz izan den irakaslerik onenak”, asmatu egin zuen, tangoa arnasberritzen jarrai zedin Piazzolla aholkatu eta etxera bidali zuenean. Baita Azerren amak ere, semearen belarri onaz jabetu eta mutikoa musika-bidean jarri zuenean.
---ooOoo---
1) Azer Lyutfaliev (biolina), Manuel Morán (kontrabaxua), Salvador Parada (bandoneona) eta Julen Ramos (pianoa). Lauak Bilbao Orkestra Sinfonikoaren musikariak.
2) Arrakasta gehiago izan zuen Espainian, Argentinan baino.
3) Piazzollaren musikaren lehen kontzertua 2004 urtean entzun nuen nik, Amsterdamgo Koninklijk Concertgebouw Musika Aretoan, munduko hiru akustikarik onenetakoan.
