CDak eta DVDak, zaharra berri
Hiru urte bai, auto berria erosi eta, nire CD maiteak non sartuko asmatu ezinik, saltzaileari deitu niola laguntza eske. Hizketan hasi orduko konturatu nintzen, adinez nire semea izan zitekeenaren hitzak neurtu nahiaz. Berehala antzeman nion zelan amaituko zen erantzuna, alegia, auto berriak ez zekarrela CDrik, beste tekonologia berriagoren baten mesedetan; baina, aldi berean, sumatu ere sumatu nion, ahalik eta hitzik goxoenez adierazi nahi zidala, lar mintzeke, ni eskatzen ari nintzaiona mundu zaharkituaren aztarren galdua baino ez zela.
Gogoan dut, ulertzeko gauza izango ote nintzen zalantzan, nolabaiteko didaktismo on hutsari atxikia, ziostala: “Badakizu, lehenik diskoak izan ziren, gero kasetak, ondoren CDak, orain, berriz, UBSak… ”. Eta erantzun nion, zaharraren haserre zakarraz: “Barkatu, baina ez dira kate berekoak, diskoak, kasetak eta CDak musika eta guzti erosten genituen, UBSak, ostera, ez. Non erosiko ditut nik nire gustuko musika eta guztiko UBSak?” Eta, berak, jango ote nuen beldur-edo, apal-apal: “Ez, erosi ez, zuk grabatu beharko dituzu…” Eta naizen honek: “Grabatu… horrez gainera, grabatu… niiik?"
Kontua da, ordea, orduantxe jabetu nintzela, estreinako, CDen zein DVDen etorkizun latzaz. Baina, Debako Udala eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza bat datozenean DVDen baliotasuna aldarrikatzen, ez dakit ba zer ulertu behar ote dudan, ez dakit zer mezu ari zaizkidan bidaltzen, ez dakit etorkizuna erresetatzeari ekin behar al diodan ala, oraindik ere, etxean ez dudan beste tramankuluren bat erosi behar ote dudan. Baina, ez al zituen bat teknologiaren haize berriak eraman?