"Carlos", rocker zaharrontzako filma
Eztabaidagarri izan daiteke Ilich Ramírez Sánchez "Carlos" (Edgar Ramírez) venezuelarra (Michelena, 1949) terrorista peto-petoa izan ote zen, mertzenario samarra edo heroi hutsa, baina ez du nonbait inork zalantzan jartzen PAErekin (Palestinaren Askapenerako Erakundea) haserretu ostean bere talde ekintzailea eragin zuela eta, horretara, onartu ere onartu beharko, Hego Ameriketako seme nartzisistak Mediterranioko ingurumarian bere taldetxoa sortu izana arras bitxia ezezik esanguratsua ere badela.
Mendebaldeko estatuen segurtasun-neurriak ez ziren segurutik 1970eko hamarkadan egun bezain zorrotzak baina, haatik, artista izan behar gero, Vienan eratzen ari zen (1975.12.21) LPEElo (Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea) ministroen bileran barruraino sartu eta hamahiru estaturen hamaika ministro eta hogeita hamar ordezkari inguru hegaztadaren letxe bahitzeko… eta, nola-hala, onik eta aske bere kasa ateratzeko 72 ordutan mundu guztia berari begira eduki ostean.
Esan gabe doa, norbaitzuk ez dakigula honen guztiaren berri Carlosek kontatu digulako, komunikabideetan jarraitu ahal izan genuelako baino. Ez da oraindik historia, hemeroteka soila baino. Dena den, Carlosi berari gustatu edo ez, kristoren filma-puska da, bizia, arteza, sutsua eta, batez ere, hasi eta buka, sinesgarria, fikzio ugari falta ez den arren.
Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, Carlosen terrorismoak zer ikusi gutxi izan dezake azken urteotan Europan amaitzear dagoenarekin baina, hala ere: 1- Bata zein bestea 1970eko hamarkadaren lekuko dira. 2- Bata zein bestea oinarri ideologiko paretsuak izan zituzten hainbat urtez. 3- Film-amaieran, Carlosen lankide alemaniarrak (Alexander Beyer) zera dio: “Gerra hau amaitu da. Eta guk galdu egin dugu”.
Pelikulak bertsio bi ditu: 333 minutuko luzea bata, telebistaz hiru sailetan emititzeko modukoa. Eta 165 minutuko muntaia (edo editaia esan beharko genuke?) “laburra” bestea, une honetan zine-aretoetan ikuskizun dagoena. Berriketabako filma, hori bai, baina beldur naiz ez ote den 1960ko hamarkadako rocker zaharrentzat batez ere.
Ilich Ramírez "Carlos", lehen eta orain
Edgar Ramírez aktorea, "Carlos"