Brigitte Bardot ez zen Lolita
Zer ote zuen Brigitte Bardotek besteek ez zutenik? Simone de Beauvoir filosofoari jaramon (2) egingo badiogu, aktore paristarrak suspertzen omen zituen --Navokoven Lolitaren tankeran-- neskatxen ingenuitatearekiko gizonezko helduen desira zapuztuak. Feminista ospetsuaren ustez, Bardotek ordezkatzen omen zuen, beste inork ez bezala, feminitate modernoaren ikonoa, bat-bateko askatasun sexualaren sinboloa eta, antza, baita helduen berandu iritsi izanaren sindromea ere.
Ez naiz ni nor Simone de Beauvoir-en irizpiderik zalantzan jartzen hasteko baina hark, emakumea (3) izateaz gainera, 51 urte zituen 1959an eta naizen hau, aldiz, testosterona lehertu beharrean zuen 14 urteko mutikoa, sexualitatearen eldarnioaz jabetu gura zuena. Gureak ezer gutxi zuen adintsuen desiretatik eta askotxo, aldiz, astakiloaren grinetatik eta, batere argi zergatik ez genekien arren, garaiko nerabeek gogotik maite genituen BBren naturaltasun, begikotasun eta hurbiltasuna. Alegia, beste “izar” ospetsuak andrazkotzat --handiak, galantak, bulartsuak eta urrunak bezain hotzak-- jotzen genituen bitartean, Brigitte, suspergarria bezain irisgarria iruditzen zitzaigun, geure neurrikoa, lagunartean dantzatara ekartzeko modukoa, adinez hamar urte gehiago bazituen ere, eta haren filmik esanguratsuenak (4), espainiar diktadurari esker, gizarte demokratikoetan baino hamar urte beranduago azaldu arren gure zinema-aretoetan.
Brigitte Bardot ez zen Sylvia Kristel
Hain zuzen ere, inoiz eztabaidatu izan da zergatik euskal publikoa Iparraldera (5) samaldan abiatu izan ote zen 1974 urtean Sylvia Kristelen “Emmanuelle” kirikatzera, eta ez, ordea, 1960ko hamarkadan joan, BBrenak ikustera. Zenbaitek esan izan du, diktadura kasu, Iparraldea urrutiago eta zailago zegoela 1960ko hamarkadan 1970ekoan baino. Ez dut, ordea, horrelakorik uste. Esaterako, ikasturte-amaierako txangoa zela-eta, Isasiko ikastetxeak Baionara eraman gintuen 1959an eta, besteak beste, ikurrinak eta lauburuak erosteko aukera izan genuen. Hartara, Hegoaldean galeraziak ziren oroigarri politikoak lortzeko eta soinean ekartzeko betarik bazen, zergatik ez zinera joateko modurik?
Brigitte Bardot eta Sylvia Kristelen arteko aldea kontzeptu-kontua zen. Nahiz frantsesa bere garaiko ikono sexualik nabarmenena izan eta haren ageriko naturaltasuna erakargarria gertatu, Bardoten filmak ez ziren, zehatz, produktu sexualak, hainbat sekuentziari erotismo-puntua bazerion ere, eta inondik ere ez pornoa, film eskandalagarriak suertatu arren. Sylvia Kristel herbeheretarraren “Emmanuelle”, ostera, filma bera zen kontsumorako produktu erotikoa, helburu sexual hutsez --zenbait ezohiko irudi, bortxaketa eta masturbazio tarteko-- porno leunaren kalifikazioa zuena.
Brigitte Bardot ez da zinemaren historiara pasatuko aktore ona zelako, sekulako fenomeno soziala izan zelako baizik. Eta, zentzu honetan, haren zinegintza askatasunaren aldeko transgresio sozial eta sexual erdi inkontzientea "besterik" ez zen izan. Emmanuelle ikusteko Iparraldera joatea, aldiz, unean uneko transgresio politiko eta voyerismo-sexuala.
---ooOoo---
1) Hala uste izan genuen behintzat garai hartan 15-25 izan genituen gazteok.
2) “Brigitte Bardot y el síndrome de Lolita”, 1959.
3) Ageriko bisexuala bazen ere.
4) “Et Dieu créa la femme" (Eta Jainkoak emakumea sortu zuen”), "La verité" (Egia) eta "Le Mépris" (Mespretxua).
5) Biarritzera batez ere. Beste horrenbeste katalanak Perpinyàra.
