Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Garaikideak izatearen garrantzia

Garaikideak izatearen garrantzia

Amatiño 2026/10/03 01:05
Orain 3.500 milioi urte ez zen bizitzarik gurean. Behar bada, 3.500 milioi urte barru ere ez da izango. Hartara, kontua ez da, soilik, hor kanpoan bizitzarik egon den, dagoen edo egongo den, baizik eta garai berean bat etorri ote gaitezkeen ala ez. Garaikideak izan ala ez.
Garaikideak izatearen garrantzia

Bennu asteroidea

“Unibertsoa gero eta azkarrago ari da zabaltzen”, esan digu Brian Schmidt Fisika Nobel Sariak (2011), Donostiako Passion for Knowledge jardunaldietan. Gure galaxiak, ordea, bere barneko grabitate-indarraren kariaz, elkarturik jarraituko du, bestelako unibertsoa urrundu eta gure bistatik galduko (1) den heinean.

Unibertsoa infinitoa bada, bizitza beste nonbait izan dadin mentura ere infinitoa da. Baina, Montanako astrofisikoak dioen legez, gainerako unibertso guztia guregandik aldenduko bada, bizitza gehiago aurkitzeko aukerak urritu egingo dira. Honek ez du esangura, baina, “apartean” geratuko den gure unibertso-ertz hau txikiegia suertatuko denik bizitza gehiago aurkitu ahal izateko. Guk bizi dugun Esne Bideak 100.000 argi-urte ditu diametroz eta gure auzotegi galaktikoak gutxienez 80 galaxia ditu, bilioi eta erdi izar. Horrenbestetan, mirakulu handia izango ote litzateke gutaz gain bestelako bizitzarik bazterren batean agertuko balitz?

Bizitza… Baina, zer da bizitza? Dagoeneko bizitza-edo izan bada Lur honetatik kanpo ere. Honezkero aurkitu (2) izan dira glukosa eta aminoazidoak Bennu asteroidean. Ez da bizitza, baina bai bizitzaren errezetetakoa, orain 4.000 milioi urte Lur honetan izan zen meteorito-bonbardaketaren ondotik sortututako bizitzaren ildotik.

Orduan, galdera ez litzateke hor zehar bizitzarik ba ote dagoen ala ez, egotekotan, gurearekin batera, aldi berean, gertatzen ari ote den ala ez baizik. Orain 3.500 milioi urte ez zen bizitzarik gurean; behar bada, 3.500 milioi urte barru ere ez da izango. Hartara, zailena ez da hor kanpoan bizitzarik egon den, dagoen edo egongo den, baizik eta gure bizitza-zikloarekin bat ote datorren… Denok ere garaikide ote garen alegia.

---ooOoo---

1) “Bistatik gal, gogotik gal” dio esaera zaharrak.

2) 2023an NASAk bidalitako sondak ekarritako laginak. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal