Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Biolinerako kontzerturik onena: hamabost egunetan eta depresioak jota

Biolinerako kontzerturik onena: hamabost egunetan eta depresioak jota

Amatiño 2024/07/22 00:50
Astebete inguru, burmuinetan dantzan zituen korapiloak atontzeko, eta hamabost lan-egun aski izan zituen Txaikovskik sekula moldatu den biolinerako kontzerturik ospetsuena gauzatzeko. Azken lau egun jarraiotan --Hondarribian, Azkoitian, Donostian eta Bilbon—Euskal Herriko Gazte Orkestrak eskaini duena, Seohyum Kim biolin-jotzaile korear bakarlaria tarteko (1).
Biolinerako kontzerturik onena: hamabost egunetan eta depresioak jota

Seohyun Kim

Depresioak jota zegoen Piotr Ilitx Txaikovski, bere homosexualitatea mozorrotzeagatik-edo, Antonina Miliukobarekin ezkondu eta hilabetera hautsi behar izan zuenean. Zer egingo eta, hiruzpalau astetan historiak ezagutzen duen biolinerako kontzerturik arrakastatsuena burutu zuen, nahiz bera, izatez, piano-jotzailea izan. Hartarako, bakarkako pasarteak bermatzeko gehienbat, Iosif Kotek biolin-jotzailearen laguntza baliatu zuen. Hain zuzen ere, azken lau egunotan Euskal Herriko Gazte Okestraren baitan Seohyum Kim korearrak “maisuki” eskaini dizkigun bakarkako paragabeak.

Seohyum Kimen biolina jotzeko gaitasuna ez dago, jakina, zalantzan, eta “maisuki” hitza kako artean jartzearen arrazoia haren adinari leporatu behar zaio, 15 urte besterik ez ditu-eta. Izan ere, Euskal Herritik bueltan Koreara itzultzen denean, eskolara bihurtuko beharko du, adin bereko beste edozein neskatilak bezala, edota berarekin batera aritu diren Euskal Herriko Gazte Orkestraren neska-mutikoak moduan.

Seguru gero, ikasturtearen amaiera gisa Euskal Herriko Gazte Orkestra, Txaikovskiren Biolinerako Kontzertua Op. 35 eta Seohyum Kim beren-beregi elkartarazi nahi izan dituen zuzendaritza ez dela ikuskizun bila soilik aritu. Hor atzekaldean, bastidore artean, badira  gutxienez  mezu garrantzitsu bi.

Batetik, bai, zuek oso onak zarete, baina ea nola portatzen zareten musika klasikoaren errepertorioan dagoen kontzerturik zailenetakoarekin (2). Eta bestetik, bai zuek 16, 17 edo 18 urterekin, oso onak zarete, zorionak benetan; baina ez ahaztu badela munduan 15 urtekorik, zuek guztiak baina hobea denik.

Bada zertaz harrotu, baina ez gero apaltasunik galdu.

(1) Aipagarri ere, gaurko gaia ez den arren, Iban Garate komunikatzailearen aurkezletza eta esataritza. Nago Euskal Herrian –eta euskaraz, batez ere— ez ohi zaiola behar besteko garrantzirik ematen aurkezle-lanari. Zenbat ikuskizun eder, asmatu ezinean eta trakets aritzen diren aurkezle petralekin.

(2) Gogoangarri “Le Concert” filma (absurdoa bezain hunkigarria), non istorioak dirauen 118 minutuetatik hogeitanTxaikovskiren Biolinerako Kontzertua den protagonista. Kamera aurreko biolin-jotzailea Mélanie Laurent aktorea, baina benetan jotzen duena Sarah Nemtanu musikaria.

.

EGO Hondarribia 2024
Euskal Herriko Gazte Orkestra, Seohyun Kim tarteko, Ruben Gimenoren zuzendaritzapean, Hondarribiako Itsas Etxea auditoriumean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: