Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Adimen artifizialaren kirtena

Adimen artifizialaren kirtena

Amatiño 2025/08/20 11:40
Urtero bezala, abuztuaren bigarren astean izan da Uxuen, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Jakiundek (1) elkarrekin antolatutako uda-ikastaroa. Topaketak bertako eliza-gotor erromanikoan egin dira, XIV. mendean Karlos II.ak (2) eraiki nahi izan zuen Nafarroako lehen unibertsitatearen aztarrenen ondoan.
Adimen artifizialaren kirtena

Ujue Agudo

Aurtengo gai nagusia beldurra (3) izan da, hainbat arlotatik aztertua: neurozientziaz, politikaz, filosofiaz, krisi ekonomikoaz, gizartearen ziurgabetasunaz, gaixotasunez (minbizia, alzheimerra…), literaturaz, zinemaz,  etorkizunaz eta teknologia berriez zein adimen artifizialaz.

Besteak beste, adimen artifizialaz hitz egin zuen lehena Fernando Jauregi astrofisiko nafarra (4) izan zen, umorez eta eszeptizismo handiz mintzatu ere. Berak ez omen daki askorik adimen artifizialaren jakinduria orokorraz, baina batere zalantzarik ez, zorioneko adimenak ezer gutxi dakiela astrofisikaz. Hainbat froga apropos egin ondoren, adimen artifizialak ez omen daki oinarrizkorik ere. Jauregik berak erakutsi ahala ikasteko gauza da, ikasten duen apurra jakinduria osokotzat jotzen du (astrofisikoak gehiago irakasten ez dion artean), eta sekulako abilezia omen du galdegileak gustuko ez lukeenik ez erantzuen. Alegia, ezjakinaz gainera, diplomatiko samarra.

Javier Echeverriak gogoratu zuen adimen artifizialak gehiago duela teknologiatik jakinduriatik baino, eta Humberto Bustincek aholkatu, berriz, adimen artifizialaz ez itsu-itsuan fidatzeko. Kontua ez omen da norberak menderatzen ez dituen gaiez adimen artifizialari informazioa eskatzea eta, ondoren, norberaren mailako ustezko egokipentxoak ezartzea, alderantziz baizik. Hau da, norberaren lanak eta irizpide pertsonalak garatu eta AA laguntza osagarritzat erabili.

Ujue Agudo (5) Deustuko irakaslearen ustez, lehen eta behingoz adimen artifiziala “gizagabetu” beharko litzateke, alegia: sarri leporatu ohi zaion sasigizatasuna ukatu eta lan-tresna soiltzat hartu. Baina, aldi berean, AAri tresna-izaera ukatzea eta honetaz ez baliatzea, aitzurra asmatu ostean esku hutsez lurra jorratzeari ekitea bestekoa litzateke. Adimen artifiziala gizakiak asmatutako tresna da, aitzurra bezainbeste. Hartara, zergatik oinarrizko hainbat egiteko egun luzetan aritu, adimen artifiziala baliatuz gero minutu gutxitan burutzerik baldin bada?

Adimen artifiziala ez omen da ezezagun zaigun eremua gure ordez eta bere kasa jorratuko duen aitzurra, baizik eta gure lana bizkortzen eta aberasten lagunduko digun tresna. Aitzurraren ahalmena kirtenetik heltzen dionak izan dezakeen asmoaren araberakoa besterik ez omen da.

1) Jakiunde, zientzia, arte eta letren akademia

2)  Karlos II.a Nafarroakoa.

3) Ezin gero ahaztu, duela zortzirehun urte, gaztelania zaharrean idatzitako lehen liburuan, Gonzalo de Berceo errioxar-nafarrak izua/deabrua irudikatzen zuen pertsonaia Don Bildur  zuela.

4) Iruñeko Planetarioaren Hezkuntza eta Pedagogia arduraduna.

5) Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko Laborategiko eta Jakala enpresa teknologikoaren ikertzailea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: