Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bidean ikasia izan ala ez izan

Bidean ikasia izan ala ez izan

Amatiño 2017/11/21 08:05
Arantxa Urretabizkaiaren “Bidean ikasia” saiakerak, euskaraz, eta Fernando Arambururen “Patria” nobelak, gaztelaniaz, irabazi dute, besteak beste, aurtengo Euskadi literatura sariak. Batak zein besteak dute ardaztzat, euskal gizartean luzaro iraun duten –eta dirauten— bi gatazka: ETAren terrorismoa, Aramburuk, eta Hondarribiko alardea, Urretabizkaiak.
Bidean ikasia izan ala ez izan

Azala

Arambururen idazlana, nola hala dokumentatutako fikzioa da, egilearen bertsio nobelatua. Urretabizkaiaren saiakera, ostera, idazlearen kontakizunaz gainera, kazetariaren kronika objektiboa eta hogei urtez Jaizkibel konpainiaren danbor-jolea izandakoaren hausnarketa pertsonala.

Epai-mahaiari jaramonik egingo badiogu, sariak erabakitzeko orduan, Urretabizkaiaren saiakeran azpimarratu dute idazlearen “lekukotasun lazgarria”; eta, Arambururen nobelan, berriz, euskal gizartearen “erretratu sakona”. Lekuko saiakera ala erretratu-nobela izan, horretan datza, hain zuzen ere, bi obren arteko alderik nabariena; ez literaturaz, baina bai, politikaz, zentzurik zabalenean biak dira-eta testu politikoak, bete-betean.

Arambururena nobela da, jakina; fikzioa, seguru. Baina ia 500.000 ale saltzeko literatura ona baino zertxobait gehiago behar izan du eta, gainera, berak ere ez du hainbat girotan ñabardura politiko hori ukatu nahi izan. Era berean, Hondarribiko alardeari giza-eskubiderik, genero-aldarririk eta baldintza politikorik ukatzen dizkionak, edo ez daki ezer edo, are larriago, ez du jakiterik nahi.

Aramburuk ez du gatazka, bertatik bertara, larrutik, bizi izan, eta inork kontatutako informazioaz historia bat moldatu du, fikzioari zor zaion zilegitasun osoz, noski. Urretabizkaiak, aldiz, berak zuzenean, artez arte sufritutakoaren berri ematen du, ezelango bitarteko barik eta batere mozorrorik gabe.

Jakina ez dagoela ETAren terrorismoaren drama eta Hondarribiko alardearen auzia, maila berean jartzerik. Ez, ez naiz ni horretan ari. Esangura dudan bakarra da, Urretabizkaiak bazterrak astintzen dituela, gure arteko gehienok genekiena baino askoz ere gehiago kontatzen duelako; eta Aramburuk, aldiz, gehienok genekiena baino nabarmen gutxiago esan.

Urretabizkaiaren protagonistak, anonimoak izan arren, sinesgarriak dira oso. Arambururenak, ordea, nahiz arketipo identifikagarriak iruditu, zeharo sinesgaitzak. Urretabizkaiak deskubritzen digu herri-giro estu-mestu, itolarri eta iraintzailea; eta Aramburuk eskaintzen, berriz, batere zirrararik eragiten ez digun argazki-galeria motela.

Urretabizkaiak frogatzen du, Hondarribiko auzia dela, euskal hiritarrik gehienok uste baino larriagoa; eta, aldarrikatzen du, hogei urteren bueltan ez dagoela, honezkero, ez ikusi egiten jarraitzerik. Ez gure aldetik, ez eta erakundeen aldetik ere.

Paradoxa bada ere, Aramburuk erakusten digu, zenbaitek “Patria” nobela, ETAren gatazkaren salatzailetzat jo arren, bere kontakizuna dela hainbat euskal familiatan jasandako egoera baino dezente leunagoa. Alegia, testua askoz ere ankerragoa eta mingarriagoa izan zitekeela.

“Bidean ikasia”, Arantxa Urretabizkaiak salatzen du Hondarribiko alardea eskandalu hutsa dela. Eta Fernando Aramburuk gogorarazi, bidean ez ikasiagatik behar bada, errealitateak fikzioa gainditzen duela.

Euskadi Irratia. Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: