Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bidaiarik luzeena: Elkano eta gehiago

Bidaiarik luzeena: Elkano eta gehiago

Amatiño 2021/08/20 00:15
Donostiako San Telmo museoan ikusgai dago urriaren 24 arte “El viaje más largo” erakusketa, 1519-1522 bitartean, hiru urtez, estreinakoz egindako lehen mundu biraren 500. urtebetetzea dela-eta. Batere berriketarik eta aitzakiarik gabe, benetan ikustea merezi duen erakusketa.

Joateko aholkua emateaz gainera, zilegi bekit bertaratu nahi duenari lau gogoetatxo iradokitzea:

1. Izenburuak argi eta garbi dioenez, erakusketari “Bidaiarik luzeena. Lehen mundu bira” deritzo. Hau da, ez da Juan Sebastian Elkanoren bira (Primus circumdedisti me), Gaztela eta Aragoiko koroen finantzapean burututako espedizioarena baizik. Zehaztasun hau soberan legoke beste edozein lekutan, baina, ikusia ikusi, komeni argitzea, Euskal Herrian oro har eta Gipuzkoan gehienbat.

2. Erakusketa zeharo ondo egituratua dago, eraz eta moldez. Da sekulako muntaia landua, baina gogotik informazio ugari eskaintzen du eta zer irakurri asko. Beste modu batez esanda, ez da Getariako semearen aitzakia didaktiko-pedagogikoaz umeekin igande-arratsalde lanbrotsua aterpean pasatzekoa. Barrena, ez lar aspertzeko, 14 urtetik gora-edo behar dira.

3. Arrazoi berberagatik, ez da jo eta pasa egin eta antxintxika ikusteko erakusketa. Gutxienez film batek beste denbora eskatzen du. Sartu aurretik kontuan hartzekoa.

4. Eta azkenik –ez gero inozokeriatzat jo— behin adin batetik aurrera betaurrekoak erabili ohi dituztenek soinean eraman ditzatela, etxean ahaztuta lagatzeke.Testu joria, hizki-mota txiki asko, distantziatxoa eta 'ipurtargi' samar… esango nuke esan erakusketaren argiztapen-diseinugileak gazte samarrak direla, bista onekoak alegia. Okerrekoa ez da gazte izatea. Okerra da horrelako erakusketa diseinatzerakoan berrogeita hamar urtetik beherakoen bista unibertsaltzat jotzea.

Irteeran salgai dago EL VIAJE MÁS LARGO. La primera vuelta al mundo (V Centenario. 1ª Vuelta al mundo. Madrid, 2021) laurehun orrialdeko liburukote franko eder eta zoragarria, 24 eurotan (jubilatuentzat, 20). Ez dut esango merkatuan dagoen libururik onena denik. Baina bai, ordea, balantzan, merkeenetakoa.

Mundua 1588
Abraham Ortelius, 1588
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: