Bibotea eta txapela sekula galdu ez zituen jakituna
Hamasei urte besterik ez zituen Fermin Leizaolak, espeleologiaren aitzakiaz Aranzadi Zientzia Elkartean atea jo zuenean eta, geroztik, ia mende erdi egin zuen bertako Etnografia Sailaren zuzendari gisa. Besteak beste, Aita Barandiaran, Julio Caro Baroja eta Jesus Altuna izan zituen maisu, eta etnografiaren denetariko arlo anitzak landu zituen, mitologia, folklorea, ahozko literatura, baserrietako etxegintza, jolasak, lanabesak, herri-medikuntza eta belar zein landare-jakintza. Gizon lasaia, burutsua, astirotsua, gauzak soseguz pentsatzen eta entzuten zekiena. Hitzaldiak eman, bai, baina inorenetara ere joan ohi zena, beti ere ikasteko prest.
Haren etengabeko lanaren lekuko dira utzi duen 20.000 aleko liburutegia eta Gordailuaren esku lagatako 4.500 lagin zein lanabes etnografikoak. Ia-ia oraintsu arte baserrietako nekazal, artzain eta artesau-lanetan erabili izan diren tresnak, berak garaiz bildu izan ez balitu, seguru asko modernitatearen ajeaz betiko galdu izango zirenak.
Joxemiel Barandiaranen ardurapean, Fermin Leizaolak parte hartu zuen –Aranzadiren izenean eta Gipuzkoako partean-- Etnikerren Euskal Herriko Atlas Etnografikoa burutzen. 2009an Gipuzkoako Koru Aldundiaren Ondare Saria jaso zuen eta 2017an, berriz, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria.
Tira Fermin, azkenean hire bibotearenak ere egin dik. Baina orain, inoiz baino gehiago, eutsi “goiari”.
---oo0oo---
* Argazkia 1975eko ekainaren 8koa da, Ataungo San Martinen, non Fermin Leizaolak jaso zuen Lan Kide Aurrezkiaren urte bereko "Jose Migel Barandiaran Saria", Artzaingoa Euskal Herrian, gaur egun ikerlana zela-eta. Epai-mahaiko, Manuel Lekuona, Jesus Altuna eta Ander Manterola. Idazkari, berriz, Juan Jose Dorrosoro.
Lan Kide Aurrezkiaren izenean, Luis Iriondok eman zion saria (100.000,- pta.) Fermin Leizaola irabazleari. Bigarren saria (20.000,- pta) Jose Mari Satrustegik jaso zuen.
Hainbat gonbidaturen artean, bereziena, Jose Migel Barandiaran bera.
Bazkalostean aritu ziren Gorrotxategi eta Lazkano bertsolariak.
Ekitaldira joandako kazetariak izan ziren: Iñaki Arregi (Loiola Irratia), Joxe Ramon Beloki (Donostiako Herri Irratia), Eduardo Uriarte (Bilbo Herri Irratia) eta Amatiño (Zeruko Argia).