Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bertsolari handi biren erreportaje beranta

Bertsolari handi biren erreportaje beranta

Amatiño 2025/02/27 10:35
Erreportajearen definizioetako bat baldin bada kazetari-lan dokumentatua eta planifikatua izatea, Pako Aristiren “Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi” (Erein 2024) delakoa erreportajea da, bete-betean.

Alegia, Uztapide eta Xalbador bertsolariena eta, inondik ere ez gero, Manuel Olaizaola eta Fernando Aire gizasemeena. Besteak beste, 1960 eta 1970 hamarkadetan handienetakoak izan ziren bi bertsolarien gainekoa batez ere, eta belaunaldi hartan bertsolaritza hurretik jarraitu zutenentzat, gehienbat. Nahiz, jakina, Uztapideren bertsolari-zila lotzen zaion 1936an Donostia eratu zen Euskal Herriko txapelketa nagusiari, non bigarren geratu zen Txirritaren ostean (1).

Pako Aristi kazetariak (Urrestilla, 1963) baliatu duen bibliografiak  bertsolari biei dagokien dokumentaziorik nabarmenena atzeman du. Hartara, bi protagonistek idatziz (2) utzitakoaz gainera, gerra osteko bertso biltzailerik emankorrenen (3) altxorraz osatu ahal izan du eta, bide batez, euren garaikideen (4) bertsoak, iritziak eta pasadizoak erruz bildu (5).

Honaino oinarrizko dokumentazioa, beharrezkoa, baina gero, baliabide horiekin guztiekin Aristik asmatu du historia laño bezain interesgarria burutzen, profesionaltasunez bai, baina baita maitasunez ere, Uztapide-Xalbador zein Xalbador-Uztapide bikoteak aldian-aldian parekatzen, partekatzen eta elkarren arteko bidegurutzeak zein adiskidetasuna aurrez aurrez jartzen.

Kontakizuna ez da, inondik ere, beti lineala, idazleak badaki unean uneko erritmo aproposak taxutzen. Baita zenbait kasutan nolabaiteko klimaxa luzatzen ere. Xalbadorrek 1969ko Txapelketa zela-eta Donostian bizi izan zuen sufrimenduari atal bat ez ezik, lau eskaintzen baitizkio erreskadan, Uztapideren jarrera motza-edo aipatzeari uko egin gabe.

Xabier Amurizaren (6) hitzaurre eta guzti, liburu gozoa da, hunkigarri zenbaitetan, beti ere samurra, atseginez irakurtzen diren horietakoa (7). Bi bertsolari handiren erreportaje beranta ote? Hobe omen berandu, sekula baino.

Duela ia mende erdiko erreportaje-maisutzak esan ohi zigunez, “kontua ez da ondo idaztea, ondo informatua egotea baino. Gero, berriz, beti xarma handiz ezin bada ere, gutxieneko erakarpenaz asmatzea eta, beti ere, lana gustura egitea”. Eta liburu honetako Pako Aristiri behintzat, denak sumatzen zaizkio.

---oo0oo---

1) Txirritak merezi gabeko saria jaso ote zueneko eztabaidari emaiera ematen dio behingoz Pako Aristik, baita txapelketa hartako puntuazioaren eskuizkribuaren argazkia argitara eman ere.

2) Uztapideren “Berriz plazara” (Auspoa-Sendoa, 2001) eta Xalbadorren “Odolaren mintzoa” (Auspoa, 2006).

3) Antonio Zavala, Joxe Mari Aranalde eta Joxemari Iriondo.

4) Agirre, Arozamena, Azpillaga, Ezponda, Garmendia, Gorrotxategi, Lasarte, Lizaso, Lazkao Txiki, Lazkano, Lopategi, Mattin, Mitxelena eta abar.

5) Aipagarri ere, Pello Esnal, Nikolas Aldai, Jesus Mari Etxezarreta, Manuel Lasarte, Joxe Lizaso eta Joseba Zubimendiren ekarpenak.

6) "Xalbador. Bat-bateko mirakulua" CD, Elkar, 2000.

7) Honezkero lortu du bigarren argitalpena.

---ooOoo---

Uztapide "euskaltzainari" omenaldia Eibarren

Pako Aristiren liburuaz aparte, aipagarri Eibar.org honetan 1973ko maiatzaren 27an,  Astelena pilotalekuan, Uztapideri egin zitzaion omenaldia. Bertan izan genituen Narbaiza eibartarraz gainera,  Xalbador, Mattin, Lasarte, Lazkano, Agirre, Gorrotxategi, Arozamena, Mugartegi eta Egileor bertsolariak. Agertzekoa zen, baina ez zuen etortzerik izan, Jose Lizaso. Bezperan sekulako euritea izan zen Azpeitian, eta Lizasok,  lanbidez  "argiduna" zenez gero, gau guztia jo eta ke aritu behar izan zuen. 

Uztapide euskaltzain  izendatu berri etorri zen Eibarrera, bi egun lehenago, maiatzaren 25ean, Euskaltzaindiak  urgazle aukeratu zuen-eta. 


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: