Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bi aberridun gizona

Bi aberridun gizona

Amatiño 2016/07/07 00:05
Albert Camus-ek irakurtzen ikasi (1917) zueneko eskolaren egungo zuzendariak ez du sekula bertako ikaslerik ospetsuenaren libururik irakurri, nahiz jakin Nobel Sariaren jabe dena. Ehun urte geroago, arrazoia, bat eta bakarra: “Ez zen gurea izan”. Anekdota honek nabarmentzen du idazle aljeriarrak bizi izandako drama. Frantsesentzat aljeriarra zen eta aljeriarrentzat, ostera, frantsesa. Paradoxa honen ispilu da Javier Reverte kazetariaren azken liburua: “El hombre de las dos patrias”.
Bi aberridun gizona

Azala

Albert Camus Aljeriako ekialdean jaio zen, 1913 urtean. Gurasoak pieds-noirs zituen, Aljerian bertan sortuak izan arren, jatorriz frantsesak, sekula europar izaerari eta frantses naziotasunari muzin egin ez ziotenak. Aita hil zen 1914ko Mundu Gerran, uniforme frantsesa jantzita, eta, urtebeteko haurra Aljerreko behargin-auzorik txiroenean hazi zen, irakurtzen ere ez zekiten ama, amona eta osaba-izebekin batera.

Kristautasunaren, marxismoaren eta gainerako ideologia guztien kontrako, ez daude batere zalantzan Camus anarkistaren humanismo liberalaren giza-balioak: askatasuna, elkartasuna, berdintasuna, aniztasuna, gizarte-justizia eta elkarrekiko begirunea. Hala ere, ez omen zuen inoiz adiskide “indigenarik” izan eta jatorriz europarrak ez zirenak “arabiartzat” jo zituen beti.

Indarkeria oro salatu zuen, hala ezkerrekoa nola eskuinekoa, boltxebikeak eta naziak, frankismoa nahiz estalinismoa, tortura zein terrorismoa. Eta bere egin zuen Shakespeareren harako bertsoa: “Garai honetako ero guztiak, ongiaren alde hil arren, krimenean bizi izan direnak”.

Nolabaiteko zubigintza eraiki nahirik, nire belaunaldiak gogotik irakurritako Camusek Frantziaren kolonialismoa gaztigatu zuen eta Aljeriako independentisten bortizkeria txarretsi. Inor konbentzitu ez ezik, denek bere aurka jarri zituen. Baita europar intelektualitate “aurrerakoia” ere, Jean-Paul Sartre-eta tarteko.

Nobel Saria jaso osteko biharamunean, bere tesia azaldu beharra egokitu zitzaion Upsalako Unibertsitatean. Hantxe bota zuen FLNeko aljeriar abertzaleek zein Frantziako ezkertiarrek sekula barkatu ez zioten aldarrikapena: “Une honetan lehergailuak jartzen ari dira Aljerreko tranbietan. Nire ama egon daiteke tranbia horietako batean. Hori justizia baldin bada, nik nahiago nire ama”.

Albert Camus gazterik hil zen 1960an, 46 baino ez zituela. Mende erdi geroago, Javier Reverte kazetariak txangoa egin du idazleak bizi izan zituen kaleetan zehar. Kontakizun xumea, erraza, laburra, minimalista… ederra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: