Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Better together

Better together

Amatiño 2015/05/12 00:10
“Hobeto* elkarrekin” izan zen Eskoziaren independentziaren aldeko erreferendumean Ingalaterrako alderdiek aho batez aldarrikatu zuten leloa. Orain, berriz, hauteskunde orokorrak irabazi ostean, David Cameronek aurreratu du bizpahiru urte barru erreferenduma deituko duela Erresuma Batuak erabaki dezan Europar Batasunaren baitan jarraitu ala ez. Itxura denez, “better”, bai, “elkarrekin” hori, Eskozia eta Ingalaterraren artekoa baldin bada; baina “worst together”, nonbait, Europatik aldentzeko baldin bada.

Paradoxa gero. Europar Batasunetik kanpo gelditzea omen zen Eskoziaren independentziaren galerarik larrienetakoa. Baina badirudi, ordea, independentzia lortzea baino, Britainia Handiaren parte izaten jarraitzea dela, Eskoziarentzat, Europatik at geratzeko arriskurik handiena.

Izan ere, paradoxarik paradoxa, horra non Eskoziari buruhausteak uxatuko litzaizkiokeen, Erresuma Batua Europar Batasunetik aterako balitz. Batetik, berriro ere independentzia aldarrikatzeko arrazoi bat gehiago litzateke. Bestetik, alde eginez gero Erresuma Batuak Estrasburgoko parlamentuan jarraituko ez lukeenez, Britaina Handiak ezin izango lioke Eskoziari betorik jarri eta, ondorioz, gainerako 27 estatuek Eskoziari erraztasunak eskainiko lizkiokete, Erresuma osoaren faltan ondo letorkeelako, gutxienez, Ipar Itsasoko petrolioaren jabe den “zatia” barruan geratzea.

Better together, bai. Horixe izango litzateke, hain zuzen, Bruselak Edinburgori botako liokeen txera edo limuria, Londresek Batasuna arbuiatuko balu.

                                                                                  ooo0ooo

Better delakoa hobeto gisa itzuli dut nik azkenean,  teoriaz behintzat, hobe  ere izan zitekeen arren. Better ingelesez (mejor, gaztelaniaz bezalaxe) berdin da, izenlaguna (hobe) nahiz adizlaguna (hobeto) izan, ez ordea euskaraz. Ez dakit nik lelo horren zentzu zehatza zein ote den politikaz, alegia: hobe da elkarrekin bizitzea, jarraitzea, irautea, ala hobeto gaude elkarrekin, orain arte egon garen bezalaxe.

Jatorriz, Better Together Jack Johnson-en abestia da eta kantan zehar behin eta berriz errepikatzen den leloa zera: "it's always better when we're together". Hau da, "beti ere hobe da elkarrekin gaudenean". Hala ere kanta honelaxe amaitzen da: "But I will still you one thing, we're better together". Alegia: "Baina oraindik gauza bat esango dizut, hobeto gaude elkarrekin".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: