Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bertako produktuen alde. Bai ote?

Bertako produktuen alde. Bai ote?

Amatiño 2015/03/01 15:05
Zergatik bertako produktuen aldeko jarrerak amaitu behar du eguneroko erosketa arruntetan? Bertako produktuak bertako dendetan erosi ditzagun nahi lukeen dendariak zergatik du atarian auto japoniarra eta ez, esaterako, europarra?

Errepideak hobetzeak mugikortasuna areagotu du eta hiriburuen inguruan irekitako hipermerkatuek gero eta jende gehiago hartaratu. Azken urteotako joera honek herri txikiagoetako merkatua murriztu du eta, ondorioz, tokian tokiko dendak itxiarazi.

Ahal dela “bertatik bertara eta bertakoa” erostearen aldeko aldarria tarteka-marteka loratu ohi da. Bada dioenik ez dagoela edozer gauza erosteko hiriburuetaraino joan beharrik, eta dirua herriko dendetan gastatzea dela, praktika ona ez ezik, baita behar beharrezkoa ere, bertako herri-ekonomia hurbila zaindu nahi izatekotan.

Nik ez dut kontrakorik esango eta, zalantzarik ez gero, gure udalerrietako ongizateari egin diezaiokegun mesederik handienetakoa bertan erostea dela. Nago ordea, “bertakoa” erostea ez dela “bertako” dendetan erostea soilik, ezta “dendetan” soilik erostea ere.

Arrazoirik ez zaie falta dendari-elkarteei, eurei erosteko kanpainak indarrean jartzen dituztenean; baina ez dut uste beraiek egiten dutenik euren bezeroei eskatu ohi dieten berbera. Esan nahi dut, ona baldin bada bertako dendei erostea, ez al litzateke ona ere izango dendariek bertako produktuei lehentasuna ematea. Zergatik da ona Eibarren edozer erostea, eta ez da ona, berriz, Altzolako edo Lizartzako ura erostea, auskalo nongoa erosi beharrean?

Eta zergatik bertako produktuen aldeko jarrera honek amaitu behar du eguneroko erosketa arruntetan? Beste modu batez esanda, bertako produktuak bertako dendetan erosi ditzagun nahi lukeen dendariak zergatik du ate aurrean auto japoniarra eta ez, esaterako, europarra?

Ala Kataluniako edo Alemaniako auto–fabrikentzat lan egiten duten euskal automozio-lantegietako piezek ez ote dute bertako porruak, okelak edo jogurtak bezainbateko bertakotasunik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: