Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Berrikuntza: teoria eta praktika, filosofia eta enpresa

Berrikuntza: teoria eta praktika, filosofia eta enpresa

Amatiño 2015/04/26 17:25
Daniel Innerarity, Politika eta Gizarte Filosofiaz katedraduna, eta Aner Garmendia, EGA Masterren zuzendari nagusia, elkarrekin bildu ziren aurreko ostiralean, Iruñean, berrikuntzaren teoriaz eta praktikaz, hurrenez hurren, jendaurrean aztertzeko.

Daniel Innerarityren iritziz, sekula aurretik ez bezala, “berrikuntza” leloa zeharo erakundetu da alor guztietan, albistaritzan eta enpresan ez ezik, baita politikan, artean, merkatuan, unibertsitatean zein zientzian ere. Haren ustez, berrikuntza ez da nahikundearen ezin besteko emaitza. Bilakuntzaren ondorio da berrikuntza, baina bila aritu izana ez da aski aurkitu ahal izateko.

Ez omen dago, a priori, berrikuntza lortaraziko duen jakineko estrategiarik, eta berrikuntza lortu izanaren arrazoiak a posteriori baino ez dira adierazi ahal, Silicon Valley edo Guggenheim, esaterako.

Laburbilduz: 1- Berrikuntza ez da ekonomian soilik suertatzen. 2- Gizarteko zenbait baldintzatan gertatzen den fenomenoa da berrikuntza, baina baldintzok ez dute besterik gabe segurtatzen. 3- Ezin da, nahita, berrikuntzarik eragin, baina ahal da berrikuntza eragotzi ditzaketen oztopoak ezabatu.

Aner Garmendia eibartar enpresariaren arabera, berriz, berrikuntza ez da “mantal zuridun” bati itsumustuan, behingoan, otutzen zaion asmakizun liluragarria, talde-lan jarraitu eta iraunkorraren zein bertatik bertarako merkatu-ezagutzaren fruitua baizik.

Ildo honetatik, praktikan, elkarren osagarritzat jotzen ditu EGA Masterren zuzendariak berrikuntza eta nazioarteratzea. Etengabeko berrikuntzarik gabe ez dago nazioarteko merkatura ateratzerik eta nazioarteratu izanari darion zuzen-zuzeneko informazio erantsiak areagotzen du berrikuntza.

Laburbilduz: 1- Berrikuntza ez da bat-bateko dirdira, etenik gabeko talde-lan isilaren emaitza baino. 2- Berrikuntza eta nazioarteratzea jarduera berberaren alde biak dira. 3- Enpresa-lehiakortasunaren oinarri nagusietako bi, besteak beste.

DanielAner500

Aner Garmendia eta Daniel Innerarity, Tactio enpresa-aholkularitzak antolaturako ekitaldian, Iruñean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: