Bere maiestate pianoa
Bai, 200.000 euroko piano berria, Steinway D-274 aleman-estatubatuarra, orain arte berrogei urtez lanean aritu den zaharkitua ordezkatze aldera Bilboko Orkestrak eskuratu (1) duena. Eta, estreinaldirako, ezin kontzertu aproposagorik Txaikovskiren 1. Kontzertua piano eta orkestrarako si bemol minorrean Op. 23 delakoa baino. Piano-jotzailea, berriz, Martin Garcia asturiarra (Gijón, 1996), egungo gazteenetakoa belaunaldi berrikoen artean eta, kasualitatez baino ez bada ere (edo ez) BOS erakundearen zuzendari nagusi berria ere, Iñigo Alberdi (2) "plaentxiarra" (Soraluze, 1973), gazterik pianotan hasia, gero pianoz kanpo bide luzea bezain naroa eta oparoa urratu duena. Zorionak.
Hau guztia gutxi balizkoan, bigarren partean Camille Saint-Saëns (Paris, 1835 - Aljer, 1921) konpositorearen 3. Sinfonia do minorrean OP 87 “organoa”, Wagner alemanaren eraginari aurre egiteko mugimendu sinfoniko frantsesaren argimutilik nabarmenetakoa. Bide batez, sarriegi isilik misilik geratu ohi den Euskalduna Jauregiko organo galanta entzuteko aukera paregabea. Eta, kontzertu osoaren gidari, berriz, Elena Schwarz (Lugano, 1985) suitzar-australiarra, pil-pilean dagoen orkestra-zuzendaria, Luzernako eta Vienako txanden ostean Bilbora etorria.
Kontzertu bitxi hoietakoa, musika klasikoarekiko zaletasuna areagotzen dutenetakoa, gomutaz gordetzen direnetakoa… nahiz-eta, orain, kontzertutik irten eta oheratu aurretik zein biharamunean Spotifyz, Youtubez eta beste edozein plataformatan berriro entzuteko aukerarik izan.
Musikak animaliak baretzen omen ditu. Ez al zuen Darwinek esan gizakiak animaliak direla?
---ooOoo---
1) BBKren diru-laguntzaz.
2) Wikipediak, euskaraz, ez du kasu honetan ohiko mailarik eskaintzen eta, gaztelaniaz, 2017an "aspertzen" esan eta planto egin zuen.
- Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hurrengo 30-40 urteetarako piano berria