Berdea urdinaz
Manifestazioa, futbol-partida, kontzertua zein mitina izan, kolore berdeko jantzirik ez da inon nagusi agertzen. Ez gurean eta ez inorenean. Udaberritik aurrera, zuriak, urdin argiak, gorrixkak, arrosak, beigeak, arreak, horiak, laranjak… eta udazkenean, berriz, beltzak, urdin ilunak, moreak, marroiak, kakiak… berde ilun gutxi, ostera, eta argirik batere ez.
Joan bai edozein eztegutara eta ikusiko duzu berdea zein urria den. Besteengandik bereiztu nahi duen neskak aldez aurretik dakike zer egin behar duen, soineko berdez jantzi eta kitto. Eta tanganilo gisa gorbata berdea daraman mutilak, berriz, nekez aurkituko du parekorik.
Auskalo “berdeek” egin ote zuten berdearen lehen aldarria, baina ez behintzat berdearen gizarteratzea, eta zer esanik ez berdearen komunikazioa. Zeregin honetan aitzindari izan da Iberdrola eta, zenbait adituk porrota opa izan arren, inork zalantza jartzen ez duen arrakasta lortu du honez gero.
Berdearen aukera izan da EAJren orain hurrengoko apostua eta ildo beretik Ibarretxeren azken hauteskundeetako kanpaina. Kolorea kolore eta ondorioak ondorio, ezin esan behintzat kanpaina txarra izan denik.
Ausartago, berriz, Telefonicaren berde-urdina eta, tonu argiagoetan, nabarmena gero ETBren albisteen koreografia. Dekoratuetan ezezik, baita kirol-aurkezleen alkondara zeru-urdinetan eta gorbata berde argietan ere. Ezohizko looka.
Ator berde-berdea eta gona urdin-urdina, itzelezko probokazioaz, elkarrekin jantzi zituen lehen aktoresa Ava Gardner handia izan zen, frankismoak zentsuratutako Mogambo (1953) filmean hain zuzen. Historiak ez du horregatik izan zenik esaten, baina seguru gero arrazoi batez zein bestez Ava Gardner galantak zer ikusi asko izango zuela. Hasteko, "munduko animaliarik ederrenak" berdeak zituen begiak. Baita barruko gona ere.
* Eibar.org blog komunitatea ere berde-urdina da