Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Benetan historikoa

Benetan historikoa

Amatiño 2020/03/17 09:00
Edozein huskeriagatik “historiko” hitza erabili izaten duen gure gizarte honek aurkitu du, oraingoan, bere momentu historikoa. Gerra aurretik jaiotako zaharrenei galdetu, historia-liburuak irakurri edo wikipedian kontsultatu eta, hona non, une benetan historikoa bizi dugun.

Nork esango gero, orain hiru astebete eskas, lantegiak, eskolak, dendak, tabernak, museoak, zineak eta… kaleak ere, itxiko zirenik. Inork iragarri izan baligu, ez genion sinetsiko. Gauza hauek zientzia-fikziozko pelikuletan baino ez dira gertatzen. Begoña del Tesori gustatzen zaizkion terrorezko film arraroetan besterik ez.

Baina errealitateak fikzioa gainditu du eta hau guztia hasi baino ez da egin. Urkullu lehendakariak zorrotz asko gogoratu digunez, txarrena etortzeke dago.

Koronabirusak harrapatu gaitu, hamar edo hogei urte barruko estrategiak gure kasa moldatzen, etorkizuna gurea baino ez balitz bezala. Baina, ezustean, di-da batean, eskolatik, lanetik eta gizartetik atera gaitu, erreakzio-ahalmenik gabe laga, artzain-txakurrak ardi mozoloak kortan sartu izaten dituen erraztasunarekin… auskalo noiz arte.

Imajinatzen ere ez genuen larrialdi honek gure plan pertsonalak eta segurutzat jotzen genituen lorpen eta oreka sozialak auzitan jarriko dizkigu

Zer nahi delarik, gure ekonomian eta ongizatean eragingo duen sarraskia ere historikoa izango da. Zenbaitek esango du gurea ez dela kasu bakarra, jazoten ari dena mundu guztian ari dela gertatzen…

Bai, egia da, mundu guztian-edo ari da egoera berdintsua suertatzen. Baina, hala ere, guk baditugu hiru aje, mundu guztiak ez dituenak: 1- Txikiak gara, txikiegiak. 2- Ez dugu sekula pentsatu gure Kontzertu Ekonomikoaren balantza, inoiz negatiboa izan zitekeenik; eta 3 - Ez gaude, taxuz eta zentzuz, batere prestatuak horrelakorik gertatu litekeen egunerako.

Samur haziak eta heziak gara. Datorkigun ekaitza perfektoak lagunduko al digu barrenak astintzen eta, behingoz, gure txikikeriari adarretatik heltzen?

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: