Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Beldurra*

Beldurra*

Amatiño 2008/09/22 23:03
Komunikabideek jakinerazi digutenez, ezker abertzale delakoak dei egin digu bere egoera larri horretatik ateratzen lagundu diezaiogun. Horma-zokoren batean irakurri ahal izan dudan moduan: "Ilegalizazioak, atxiloketak, tortura, debekuak… salbuespen egoerari stop!"

Neri, egia esan, izugarri ondo iruditzen zait guzti horretaz ere kezkatu beharra, baina ilegalizazioak, atxiloketak, torturak edo debekuak gogoratzeaz gainera heriotza-zigorra salatzeaz ahazten direnek beldurtu egiten naute. Bai, ezker abertzaleak beldur galanta ematen dit.

Garbi gera bedi gero, ezker abertzaleak ez nauela beldurtzen ez ezker eta ez abertzale omen delako. Ez dit batere beldurrik ematen ilargia eskatzeko kapaz delako; eta are gutxiago gorria, edo fuksia, delako. Ez, beldurra ematen dit inoren heriotzaren aurrean mutu geratu ohi delako; bere izenean erail dituzten mila lagunez ikaratu ez delako; bizkarzainez bizi behar duten herrikideak traidoretzat jotzen dituelako eta han-hemenka jartzen dituzten lehergailuak bere estrategiaren barruan daudelako.

Egunen batean gutako edonor garbituko dute, nahita ala nahiezta, eta isilik misilik geratuko dira. Baina, bitartean, gure laguntza eskatzen digute. Hori bai, Herriaren izenean.

Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko irailaren 23an.

*Zutabetxo hau igande goizean idatzia da, Gasteizko zein Ondarroako erasoen berri jakin aurretik. Santoñakoa gertatu aurretik, jakina.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: