Bekoki aurreko titiak
Marion Cottillard asper-asper egina dago nonbait gizonezkook emakumeen bularretako bitartera begiratzeko omen dugun gainditezinezko joeraz eta Forehead tittaes delako sistema asmatu du, baita sarean jarri ere, bezerook bere proposamenaren abantailez lehenbailehen jabetu daitezen.
Aitortu behar dut gure frantses panpoxak bete-betean asmatu duela, nerekin bederen. Bai, aitortu behar dut nik emakumeen bularretako bitartera begiratzeko joera nabarmena dudala, emakumeek aukera ematen didaten bakoitzean bai behintzat. Izterretara begiratzen diedan bezala, bernak nagikeriaz gurutzatzen dituztenean eta Sharon Stoneren hankartera begiratu nuen legez, horretarako propio erakutsi zigunean. Darwinek ez al zuen ba honelako zerbait esan? Eta Ardik ez ote zuen antzerako zer edo zer egin orain dela... lau milioi urte t´erdi?
Bakoitzak nahi duena egin dezake, noski. Baina zalantzarik ez gero, ez ginatekeela emakumeen bularretako bitartera begira jarriko tanganillo eta guztiko atorrik jantziko balute, ez ipurdira fraka nasairik baleramate, ezta iztarretara ere ezkutuan gordeko balituzte.
Eta garbi gera bedi gero, aktoresa umoretsuak gizonezkook objektu mozolotzat hartzeko eskubidea duela, nik emakumeak objektu ikusgarritzat jotzeko aukera daukadan bezalaxe. Batere lotsa eta espanturik gabe gainera.
Egia da, bai, emakume erakargarriek ez dutela inozoak izan beharrik. Baina nork esan du emakume argiak erakargarriak ez direnik?
Marion Cottillard-ek begietara begira diezaiogun nahi du
Oker ez banago, bere garaian bularretako berri batzuk zirela eta (wonderbra?) egin zuten antzeko iragarki bat: "begiratu nire begietara, begietara esan dut" edo antzeko zerbait.