Barakaldo
Juan Ignacio Pérez Iglesias (Salamanca, 1960) EHUren errektore ohiak hauteskunde-kanpainan zehar idatzi zuen “Pérez escribe sobre Pérez… y López” artikulua non lehendakari ohiak Barakaldoko mitinean esandakoak salatzen zituen: "todos somos iguales de vascos” eta “nunca más vamos a bajar la mirada porque tengamos acento o apellidos diferentes”. Pérez fisiologia-katedradunak ironia handiz aitortzen zuen, 1970an estreinako Bilboratu zenetik Alderdi Sozialistak (eta hauteskunde-garaian) baino ez diola ustezko “etorkin” izana gogorarazi.
Auskalo etorkinei (eta euren maletei) buruzko mezuek inoiz ezertarako balio izan ote duten, baina, Barakaldon gertatua kasu, bistan da mamu horiek zaharkituak direla egun. Bai noizbaiteko etorkinen seme-alabek bertakotzat izan dutelako betidanik euren burua, eta baita ere penintsulatik lan bila etorri behar izan zutenentzat etorkin bakarrak errumaniarrak, hegoamerikarrak edo afrikarrak direlako.
Perez Lazarraga lehen euskal idazle arabarra eta Lope Gartzia Salazar XV. mendeko jauntxo bizkaitarra gogoan hartu besterik ez dago jakiteko, hemen abizen arrotz gutxi dagoela eta, izatekotan, Ionescu, Craioveanu, Hassan eta horrelakoak baino ez direla.