Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Baloia jokoan, Gipuzkoa Plazan

Baloia jokoan, Gipuzkoa Plazan

Amatiño 2021/08/26 13:01
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) arrazoia eman dio Eibar futbol-taldeari eta, jakinarazi, Gipuzkoako Foru Diputazioak hobe lukeela lurraldeko futbol-taldeentzat urtero jartzen dituen diru-laguntzak deialdi publikoaz zabaltzea eta ez Real Sociedad-en bitartez. Alegia, indarrean daukan ordain-sistema eta barne-merkatua “bateraezinak” direla.

Diputazioak 1.180.000 euroko diru-laguntza luzatzen dio urtero Realari, talde txuri-urdinak gainerako gipuzkoar kluben artean bana ditzan. Ezer kobratu ahal izateko, talde bakoitzak aldez aurreko ituna sinatu behar du Realarekin, eta inork ez daki zeintzuk diren diru-publiko horren banaketaren irizpideak. LEAren txostenak nabarmentzen du, ordea, sistema “diskriminatzailea” dela, Realaren “domeinua” areagotzen duela eta ezin dela “Gipuzkoako oinarrizko futbola sustatzeko tresnarik onenentzat jo”. Areago: "ez dago klub profesional bakar baten bidez oinarrizko futbolari laguntza publikoa emateko beharra justifikatzen duen legezko arrazoirik".

Eibarko Kirol Elkarteak bost urte daramatza kexu elkarrizketa eskatzen eta, azkenean, erantzunik ezean, LEArengana jo behar izan zuen hautu ofiziala eman zezan. Erabakia eibartarren aldekoa izan da baina kontua da, ordea, LEAren iritzia ez dela loteslea, gomendagarria baizik, eta, arrazoia Ipuruako klubari eman arren, ez duela konponbiderik derrigortzen.

Realak, erantzun gisa, garbi utzi nahi izan du bera dela “liderra”, bera dela nagusia, eta bera dela aukerakoena diru publikoa Gipuzkoako futbol-taldeen artean zabaltzeko. Diputazioak ez du, ordea, orain arte behintzat, ezertxo ere esan. Administrazioa isilik, mutu… oraingoz. Baina 2022ko aurrekontuetan, era batez edo bestez, “hitz egin” beharko du.

Reala elkarte pribatua da eta bazkideek erabaki beharko dute euren kluba zuzen ala oker ari ote den, gardena den ala ez, Gipuzkoako futbolaren onetan ala bere mesedetan diharduen etab. Baina, bitartean, hainbatek uste duena zera da:

1. LEAren txostena ez dagokio, zuzen-zuzenean behintzat, diru-jasotzaileari (Reala), diru-emaileari (Diputazioa) baino. Realak banatzen du Diputazioak emandakoa. Aldundiak emango ez balio, Realak ez luke banatzerik izango, ezta LEAk txostenik egin beharrik ere.

2. Gipuzkoako klubentzako diru-laguntza publikoaren banaketaren erantzukizun osoa Diputazioarena izan arren, behin hartuz gero, Reala ez da banatzaile soila, bere kabuzko baldintzak eransten baititu. Eta inork ez daki –ezta Diputazioak ere, antza— zeintzuk diren diru publiko horren parterik jaso ahal izateko Realak ezarritako irizpideak.

Lehiaren Euskal Agintaritzak jokoan jarri du baloia. Baina joko-zelaia ez dago ez Anoetan eta ez Ipuruan, Gipuzkoa Plazan baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: