Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Baigorriarra Bergaran

Baigorriarra Bergaran

Amatiño 2026/06/16 18:00
Eusko Jaurlaritzaren “Jakinaldia 2026ko eklipsearen jaia” programaren barruan, Donostia International Physic Center eta Kutxa Fundazioaren eskutik, Laboratorium Museoa eta Jakindari elkartearen laguntzaz, “Eklipseak eta asmakizunak: Eguzkiaren itzalpean” hitzaldia eman du Mikel Falxa astrofisikariak (1).

Mikel Falxaren ia ordubeteko aurkezpena benetan interesgarria bezain entretenigarria izan zen, biziki ondo landutako power-pointaz (2), ezeren faltaz eta sobrarik gabe. Eta, gainera, ez soilik handik eta hemendik hartutako testu eta marrazkien animazioaz, ezpabere teleskopioz ateratako egiazko argazki paregabekoez ere, jendaurrean gutxitan azaltzen direnak.

Antzinaroko hainbat zibilizaziok eklipseei buruz asmatu zituzten ipuin eta mitoez hasi eta eklipseek zenbait animaliaren artean eragin izaten dituzten jokaera-aldaketetaraino, Mikel Falxak eguzkiaren sistemaren baitan jarri gintuen, planeten artean kokatu, lurraren zein ilargiaren lerrokatzea zehaztu, distantziak ulertarazi, orbita eliptikoak nabarmendu eta, besteak beste, noiz, nola eta zergatik gertatzen diren eklipseak azaldu. Baita adierazi ere Newtonen grabitazio unibersalaren teoria lehenik, Einsteinen erlatibitate orokorra gero, eta eklipseen ikerketari esker zientziak frogatu ahal izan dituenak, hau da,  Einsteinek arrazoi zuela ez ezik, baita helioaren aurkikuntza zein eguzki-koroaren eta ionosferaren ikerketa ere.

Erabateko hitzaldi interesgarri eta biziki ondo azalduak aje bat besterik ez zuen izan. Hau da, bildu ziren (ginen) lagunetarik inork ez zuela amaieran batere galderarik egin, nahiz Mikel Falxak aukera eskaini eta “arraposturik” emateko prest agertu. Denok isilik. Hizlaria, deseroso-edo, errudun sentitu zen, nonbait, eta bere euskara jendeari ulergaitz gertatu ote zitzaion galdetu zuen ahopean. Baina, ekitaldiaren aurkezleak berehala argitu nahi izan zuenez, ez zen batere horrelakorik izan. Astrofisikaria maisuki mintzatua zen, normalean izan ohi ez diren erraztasun eta ahoskeraz, eta nekez esan daiteke batuaz jarraitzeko gauza den inori zientzialariaren baxenabartarra ulergaitz gerta zekiokeenik.

Kontua besterik da. Batetik, zer nahi delarik gaia, jendeari ikaragarri kostatu ohi zaiola galderak egitea. Are, arratsalde erdian eratzen diren hitzaldietan biltzen den jende-motari. Bestetik, Mikel Falxak espazio gutxi utzi zuen ezbaietarako eklipseei zegokienez, eta maila goragoko gaiez doktoreari galdetzeko zertxobait baino gehiago jakin behar da. Gauza bat da gaingiroki ulertzea eta, beste bat, nabarmen zailago, xehetasun zehatzetan sartu ahal izatea eta grabitazio-uhinen azterketan diharduenari bost zentimoko galderak egiten hastea. Pudoreak ere badu adimenetik asko.

Zer nahi delarik, eta Mikel Falxaren lasaitasunerako, euskararen egoera besterik litzateke denok berak bezain jator eta garbi hitz egingo bagenu, Bergarako bizkaieraz nahiz Baigorriko baxenabartarrez izan. 

---ooOoo---

1) Baxenabarreko Baigorrin jaioa, Mikel Falxak Parisko Behatokian egin zituen astrofisika ikasketan eta Parisko bertako Astropartikula eta Kosmologia Laborategian lortu zuen doktorekoa. Paris eta Orléans artean, Ingurumenaren eta Espazioaren Fisika eta Kimika Laborategian (LPC2E), urtebetez ikerketan ibili ondoren, Italiara joan zen bizitzera 2024ean, Milano Bicoccako Astrofisika Departamentuan lan egiteko. ikerlari gisa. Orain DIPCn dihardu lanean, “unibertsoan zulo beltz supermasiboen sistema bitarrek emititzen dituzten grabitazio-uhinen” ikerketaz.

2) Komunikazio aldetik edozein power-pointen garapenak oinarrizko moldeak eta abiapuntuak behar ditu --eraz, moldez eta edukiz-- gehienetan betetzen ez direnak. Ganorazko powerpointa testu bat eta hainbat argazki pantailan elkarrekin jartzea baino gehiago da.

Mikel Falxa
Ez da zientzia fikzioa. Mikel Falxa teleskopioz ateratako argazki aurrean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal