Baga, biga, higa... Eguberritan
Abenduroko klasiko bat da gero kontzertu hau, non Donostiako egunkari dekanoak bildu nahi izan ohi dituen --baita lortu ere-- Gipuzkoako, oro har, eta Donostiako, bereziki, ordezkari eta lekukorik ezagunenak.
Urtez urte ohikoak izan izaten dira Euskadi Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia. Aurtengoan, aldiz, Errenteriako Andra Mari abesbatza izan da gonbidatua, ez baitu alferrik talde honek aurten bete, sortu zeneko berrogeita hamargarren urtea.
Egitarau "herrikoi" samarrean barrena, unerik zirraragarriena, behar bada, Xabier Euzkitzeren eta Andra Mari abesbatzaren arteko "Baga, biga, higa" eresi guztiz ezagunarena, Donostia 2016 Kultura Hiriburatzaren inguruan Mikel Laboa zena nolabait omendu gurarik edo.
'Nabuco' (Verdi), 'Hallelujah' (Cohen), 'Adeste fideles', 'Oi Bethleem', 'Ator, ator mutil etxera', 'Mari Domingi'... denok gustu-gustura, txalo eta txalo, itxuraz behintzat. Gora gu ta gutarrak...
Eguberri on.
Xabier Euzkitze, Andra Mari abesbatzaren eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz, Juan Jose Ocón zuzendariaren batutapean, bistan denez.
Donostiako danbor-jotzaileak, Orfeoi Donostiarraren kantari "txikiak", Andra Mari abesbatza, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa... denetarik gero. Baita elur-malutak ere, goitik behera.