Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Azkuek Aranari ei zion gorrotoaz

Azkuek Aranari ei zion gorrotoaz

Amatiño 2026/05/04 09:40
Inoiz aipatu izan ditugu Resurrección M. Azkueren zorroztasun eta ironia, zuzentzat jotzen ez zituen arau eta proposamenak zehatz eta dotore asko kritikatzerakoan. Baina zorroztasuna, ironia eta kritika ez dira gorrotoaren sinonimo.

Diferentzia horren adierazgarri da “Acerca del Santoral Vasco” (1933) azterketa, non Sabino Aranaren zenbait irizpide eztabaidatzeaz gainera (1), Azkuek interes nabarmena azaldu zuen azpimarratzeko, euren arteko iritzi kontrajarriak euskal aurauekikoak baino ez zirela, inondik ere ez  pertsonalak,  eta, gainera, berak estimu handitan zuela bilbotarrak beste hainbat arlotan egindako ekarpena. 

 Azkuek sumatzen zuen nonbait bazela hainbat lagun --Bizkaian gehienbat-- uste zutenak berak Aranari egiten zizkion kritiken oinarrian gorrotoa baino ez zegoela. Alegia, Azkuek hitzez hitz salatu bezala: “El hecho de que no admita yo sus aizkide, gaste, gusti, lagi, saspi, euzko, euzkadi… etcétera, como tampoco la casi totalidad de sus improvisados vocablos del santoral, no tiene, según ellos, otro fundamento que mi odio hacia su persona. Hora es ya que esto quede para siempre dilucidado.”

Esan eta egin. Kontuak argitu behar horretan, Don Resuk bost zertzeleda zehatz aipatu nahi izan zituen, euren arteko harreman pertsonalen adierazgarri:

1. Lehen eta behingoz, Azkuek ezpairik gabe nahi izan zuen argitu, bera gertu legokeela  1896an aurkeztu eta moldatzen diharduen “Proyecto de Ortografia” delakoa bertan behera uzteko, baldin beste inork nahi izango balu egitasmoaz arduratu.  

2. Aranak bere burua Bizkaiko hauteskundeetan aurkeztea erabaki zuenean, ez omen zuen nahi izan inor nahastu, eta Azkueri berari eskatu zion Euskalzale (2) elkarteko gelaren bat lagako ote liokeen hautes-bulego gisa erabiltzeko. Bai Azkuek gela utzi eta baita biok egunero, goiz eta arratsaldez, ate beretik sartu ere, Arana hautetsia izan arte.

3. Azkuek aitortu zuenez, Aranak diputatu-lanari ekin bezain laster, inork eskatu beharrik gabeko dirulaguntza gehitu zitzaion Bilboko Institutuaren Euskara Katedrari (3), zeinen zuzendaria, hain zuzen  ere, Azkue bera zen.

4. Aipatu ere apaitu zuen, urtebete geroago biek elkarrekin topo egin zutela Bilboko liburu-denda batean, Arana maitakor hurreratu zitzaiola eta, besteak beste, burutzen ari zen hiztegia (4) zelan ote zihoakion galdetu (5).

5. Horrez gainera, Arana hil ostean, euskal herri-musikaz hitzaldia ematea egokitu zitzaion Azkueri Bilbon, eta jendaurrean esandako hitzek oraindik ere irakurgai diraute (6): Los que estamos acostumbrados a pronunciar otra clase de discursos, difícilmente nos sustraemos a la costumbre que tenemos contraída de procurar sacar una moraleja, como objeto siquiera secundario del discurso. La de hoy surgirá de esta pregunta: ¿a quién debemos la dicha de celebrar estas conferencias, de veros a vosotros, esforzados diputados y caros amigos míos, en este lugar; y a otros ya machuchos subir la cuesta de Madrid; en una palabra, ¿a quién se debe, después de Dios, el renacimiento vasco en todas sus simpáticas manifestaciones? Fundamentalmente, principalísimamente, a Sabino de Arana y Goiri. Honremos dignamente su memoria”.

Hartara, gorrototik gutxi beraz, oraindik ere, 123 urte geroago, ez baliorik eta ez gaurkotasunik galdu ez duten gorazarre-hitzak baizik.

---oo0oo---

1) Eta, bide batez, sekulako errepasoa eman  bilbotarraren “Deun-izendegi euzkotarra” (1910) liburuan Luis Eleizaldek egindako hitzaurreari.

2) Azkuek sortutako elkartea, non aldizkaria argitaratzen zen, antzerki-saioak egin eta euskara irakatsi.

3) Euskarazko lehen katedra 1888an. sortu zuen Bilboko Institutuak, bere weborrian harro asko gogoratzen duenez. Lehen katedraduna Resurrección M. de Azkue izan zen, bertako ikasle ohia. Gaur egun Unamuno Institutua da.

4) Diccionario Vasco - Español - Francés. Bilbao, 1906.

5) Sabino Arana 1903an hil zen, Azkuek bere hiztegiaren lehen alea argitaratu baino hiru urte  lehenago.

6) Cancionero Popular Vasco. 1922 - 52. orrialdean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal