Azken berrogei urteotako daturik onenetakoa
Ezin esan, behintzat, 2021 urteak langabeziaren kopuru txarraz amaitu zuenik: %8,43 Euskal Autonomia Erkidegoan, %9,93 Nafarroan eta %13,33 Espainian. EAEri dagokionez, euskal herri-erakundeak indarrean jarri zirenetik (1980), bost urterik onenetako bat izan da iazkoa. Nafarroan, berriz, hamabigarren urterik onena.
Espainiar estatuko autonomien artean, EAE, Nafarroa eta Aragoi (%9,02) dira hamar puntutik beherako bakarrak. Gainerako erkidegoekin alderatuz gero, nabarmen ondo; baina Europar Batasunaren batez besteko datuekin (%6,5) erkatzekotan, aldiz, beti ere eskas, nahiz oraingo honetan Gipuzkoa (%6,55) pareko azaldu.
Emaitza on hauen baitan bada, ordea, datu arras kezkagarririk. Alegia, 2021 urtean zehar, batez beste, industria arloan %8,39 murriztu da langile-kopurua, eraikuntzan ia %20 eta, nekazaritzan, %55. Lanpostuz gehitu den sektore bakarra zerbitzuena izan da. Tamalez, luzera, zerbitzu-gizarteak nekez eragingo du industrialak bezainbateko ongizaterik.