Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Axular, Urdazubi eta Zugarramurdiren artean

Axular, Urdazubi eta Zugarramurdiren artean

Amatiño 2026/05/10 14:00
“Axular-en Hiztegia”ren (Aita Luis Villasante. Jakin, 1973) aurkezpena zela-eta Iruiñean, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Diputazioak aho batez erabaki zuten urte hartako abenduaren 13an, ondoko hilabeteetan euskal idazle nagusiaren sortetxea eraberritzea eta hainbat ekintza burutzea. Geroztik mende erdi luze joan da.
Axular, Urdazubi eta Zugarramurdiren artean

Axular, 1972

Axular 2025
Axular 2025
Axular atarian
Atarian
Batzar haren kariaz, “Ikusle” izenordepeko berri-emaileak zera idatzi duen Diario de Navarra egunkariaren euskarazko orrialdean (1), Jose Javier Uranga zuzendari zelarik:Urdazubiko herrian oraindik AXULAR izeneko baserria tente dago. Diputazioaren festaldi hontan baserriaren jabea zagoen. Ez al da gauza posible AXULAR haundiaren sortetxea, bera sortu zen baserria, gure Diputazioak, ahal bada, bereganatu, ongi eta yayoki konpondu eta eraberritzea? Edo, bere aurrekaldean behintzat, arrilandu batean, PEDRO DAGUERRE ETA AZPILIKUETA “AXULAR” zena etxe hartan sortu zela euskaraz esanaz paratzea?

 

Zorra zor, batzuon asmoa eta besteon eskaria ez ziren hitz hutsetan geratu. Bederatzi hilabete geroago, 1974eko irailaren 14ean, Euskaltzaindiak Urdazubiko Monasterioaren klaustroan egin zuen bilera irekia. Besteak beste, Aita Luis Villasante euskaltzainburuaren agurraren ondotik, Juan San Martin idazkariak Euskaltzaindiko sarrera ofiziala egin zuen “Literatur sorrerako giroa Axularren garaira arte” izenburupeko txostenaz, eta Jean Haritxchelhar euskaltzainburuordeak eman zion harrera-erantzuna, baita, biltzar berean, Vianako Printze erakundeak aurkeztu ere, Fontes Lingvae Vasconvm (2) aldizkariak Axularri buruz egindako ale monografikoa (3), orduko hainbat adituren ekarpenez.

Batzar irekiaren ostean, berriz, Axular etxe eraberrituan oroitarria agertarazi zen, Arizkungo dantzariak eta  Xalbador zein Mattin bertsolariak lekuko.

Axular eraberritua

1972an hurreratu nintzen estreinako Axular baserrira. Artean laborari-familia bizi zen, maitakor hartu ninduten eta baita, oroigarri-edo, zintzarri polita oparitu ere (4). Etxea erabat zaharkitua zegoen, kanpotik zein barrutik, baina are zaharrago, antza, bi urte geroago, eraberritu beharrez Nafar Diputazioa jabetu eta hutsik geratu zenean. Hala ere, itxuraz besterik iruditu arren, teknikarien ustetan teilatua zein aurrekaldea osorik zeuden eta, ezker-eskuineko hormak izan ezik, hainbestean.

Diputatu nafarren batek Juan San Martini orduan aurreratu zionez, Ormaiztegin Zumalakarregiren etxeaz edo Zumarragan Legazpiren dorreaz egindakoaren pareko moldatu nahi izan omen zen. Zentzu berean, Joakin Irizar arkitektu bergararrak aipatu zuenez, beheko geletan laborantzako tresna eta erreminten erakusketaren bat egin zitekeen eta goialdean, berriz, Urdazubi inguruko euskal altzari zaharren museoa-edo. Guztia, jakina, Axular idazlearen gorazarrez egin zitekeenaz gainera.

Hala ere, Axular baserria eraberritu eta ateburuan oroitarria jarri ezik, ezer gutxi gehiago egin zen. Dena egin ahal da baina, behar bada, 400 biztanleko herrian eta herritik kanpo dagoen baserrian –zeinen atarian ez diren auto bi ganoraz sartzen— aukerabideak beti ere nahi baino mugatuagoak dirateke. Behar bada, urte guztian zehar irekita baino, urtean behin zerbait antolatzea bideragarriagoa litzateke.

Edozein modutan, Urdazubik merezi du bisita, zer esanik ez Zugarramurdik, eta… bien artean, Axular etxeak ez du galbiderik. Errepideko seinale horia jarraitu besterik ez dago, Urdazubira heldu aurretik, eskuinaldera.

---oo0oo---

1) Nafarroako egunkaririk hedatuenak bazuen 1973an orain ez duena. Baita 1963tik aurrera eskola neska-mutilentzat kontakizun laburren (bi orrialde) saria eratu ere, eta idazki irabazlea egunkarian argitaratu.

2) Fontes Linguae Vasconvum studia et docvumenta. Homenaje a Axular. Año VI Num. 16. Enero-Abril, 1974.

3) Besteak beste, Joxemiel Barandiaran, Aita Luis Villasante, Luis Mitxelena, Aingeru Irigaray, Jose M. Satrustegi, Vicente Galbete, José Luis Los Arcos, Itziar Mitxelena, Iratzeder, Jorge de Riezu eta Joseba Intxausti ren ekarpenak.

4) Idi-parearen sekulako uztarri landu eta ederra eskaini ere,  edozein antikuariok urbitsetan eskuratu nahi izango lukeena. Ez nien, ordea,  hartu.  Geroztik, inoiz damutu izan naiz, baina orduan, lartxo iritzita, lotsa eman zidan. Barruan jarraituko al du?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal