Auzolanaren itzala
Badu gero meriturik aurrenekoz egiteko ekimenak zein Auzolanean egin izanak. Nago, ordea, Zizurkilgo poetak ez ote lukeen bigarren aukerarik mereziko. Patxi Bisquerten zuzendaritzapeko ahalegina gozatuko dute, segurutik, bertsozaleek, baina nekez ontzat eman ahal izango, ordea, zinezaleek. Baldintzak baldintza eta aitzakiak aitzakia, zinemaz ari gara, zinemaren hizkuntzaz (3), eta Ombuaren itzalak ez du egungo euskal zinemagintzak pantailan eskatzen duen mailarik eskaintzen.
Filmak euskal zinemagintzaren katakunbetara garamatza hainbat sekuentziatan, berrogeitaka urte atzera eramaten gaitu (4), eta 1970eko hamarkadan, besterik ezean, miresgarri izan zitezkeen moldeak eta moduak oso motz eta kamuts suertatzen dira gaur egun, ezinbestean, Pedro Mari Otaño zenaren kaltetan. Denbora ez da alferrik pasatzen. Ezta geroztik sektoreak jorratu duen bilakaera ere.
Segoviako ihesa 1981 urtean plazaratu ondoko uholdearen atzetik euskal zinemagintzak markatu duen estandar homologagarriari nekez egin dakioke muzin. Ekoizpenak izango dira era batekoak edo bestekoak, gai batez edo bestez, aurrekontu gehiagoz edo gutxiagoz, emaitza onagoaz ala txarragoaz, auzolanean ala ez, baina, zer gerta ere, euskal zinemagintzari dagoeneko zor zaion duintasunari ezin zaio ez ikusi egin.
Auzolanean egitea ondo dago, zer esanik ez, eragileek horrela nahi izanez gero. Baina zilegi bedi zalantzan jartzea Eguzki Art ekoiztetxeak esandakoa, alegia: “Sinetsita gaude proiektua aurrera atera daitekeela euskaldungoaren laguntzari esker. Horrela izan zen Otañoren garaian; berdin gertatu zen iragan mendeko 60ko hamarkadako (5) berpizkunde kulturalean; eta halaxe jarraitzen dugu gaur egun ere. Herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe». Seguru? Zer da proiektu bizigarria? “Ombuaren itzala” filma, harako bizigarritasunaren eredu ote? Eta, balizkotan ere, ez al litzateke bizigarriagoa izango –erakunde guztien gainetik eta plataforma guztien azpitik-- euskal zinemagintzak lortutako goiari eutsi izan balio?
---ooOoo---
1) Udalaren Euskara Zerbitzuaren bitartez.
2) Ez dira-eta asko hiru aldiz joandakoak. Are gutxiago hiru arrazoi ezberdinez.
3) Luzemetraiaren aukera hautatu baita libreki. Dokumentala ere izan zitekeen.
4) Nabarmen, interprertazio arloan.
5) Ni 60ko hamarkadaren produktua naiz. Ez dut nik garai hura ahaztu, gutxietsi edo mespretxatuko, baina ezta idealduko ere. Eskerrak gero, ondoren 70, 80 eta ondoko hamarkadak etorri ziren!