Aurrerapenaren aldeko apostua
Mila bederatzirehun eta hirurogeiko hamarkadan, gure ama zenak erositako Salvat entziklopedian irakurri nuen, ordu arteko kontsumoaz jarraituz gero, petrolioa 80ko hamarkadan amaituko zela. Laurogeiko hamarkada heldu zen eta adituek iragarri zuten, produkzioa ez bazen murrizten, petrolioa 2010erako agortuko zela. 2010eko hamarkada iritsi eta ikerketek abisatu ziguten beste 50 urterako petrolioa baino ez zitzaigula gelditzen. Auskalo petrolioa inoiz amaituko ote den, baina honezkero, txarrenean ere, nik gaztetan irakurri baino ehun urte gehiago iraungo du.
Bada uste duenik petrolioa ez dela sekula amaituko. Orain 50 urte Yamani jekeak esan zuen, Harri Aroa ez zela amaitu harriak ahitu zirelako, eta petrolio-aroa ere ez dela bukatuko petrolioa agortzeagatik. Moduren batez Petrolio-ministro arabiarrak adierazi nahi zuen, berak “bere”” petrolio guztia saldu aurretik, gizakia gauza izango zela, energia garbiagoa eta merkeagoa aurkitzeko. Orain badakigu petrolioa baino energia garbiagoa topatzea ez dela gaitza, merkeagorik lortzea, ostera, zaila.
Edozein gasolindegitan litro bat gasolina erostea litro bat ur erostea baino merkeagoa da... ur onik Euskal Herrian bertan falta ez arren, eta petrolioa, ostera, Nigeria, Baltiko edo Mexikoko potzu sakonetatik ekarri behar izan. Nahiz, gainera, ura dagoen-dagoenean edan eta petrolioaz gasolina egiteko, aldiz, milaka langileren prozesu industrial garestia behar.
Auto elektrikoa ez da asmakizun berria. Ahaztu badugu ere, auto elektrikoa gasolinaduna baino zaharragoa da. Kontua da, euro bakar batekin autoa hamar kilometro ibili daitekeela, eta ez dagoela merkatuan gasolina baino energia merkeagorik, erosoagorik eta eramangarriagorik.
Zalgurditik gasolinadun autora pasatzeko, mendebaldeko zibilizazioak 10 urte baino ez zituen behar izan, XX. mendearen hasieran. Ez zen publizitate-kanpainarik edo erakunde publikoen laguntzarik suertatu eroslea animatzeko, nahiz orduan, artean, mundua amaituko ote zen mehatxurik entzun ez.
Aurrerapenaren aldeko apostua izan zen. Jarrera-kontua. Zer kosta ere, jendeak nahiago izan zuen gurdi autonomoa, zaldi-gurdia baino. Hau da, hitz apokaliptiko gutxiago eta egin, egin gehiago.
Ulertu nahi duenak, ulertu dezala.
EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria