Aurkariak eta etsaiak
Zenbaitek esango du Euskal Herria oparoa dela, euskal politikagintza aberatsa bezain bizkorra, euskal abertzale izateko edozenbat molde dagoela eta, edozein modutan, beti ere ugaritasuna onerako baino ez dela. Beste zenbaitek uste izango du, ostera, etenbako zatiketa hau normaltasunik ezaren adierazle dela; esanak esan, larregiko atomizazioa besterik dela eta, zer gerta ere, nekez ekarri dezakeela ondorio onik.
Churchill zaharraren aldamenera hurreratu omen zen behin bere alderdi bereko diputatu gazte hasiberria eta, pozarren, esan omen zion maisuari Legebiltzarreko saioari ekin aurretik: Zein pozik nagoen Sir, hemen zurekin, aurrez aurre etsaiak ditugula. Eta Churchillek erantzun omen zion: Ez gero tronpatu gazte, aurrean dituzun horiek ez dira etsaiak, aurkariak baizik. Etsaiak zure atzekaldean dituzu.