Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aukeran… nik nahiago Guardia Zibila geratzea

Aukeran… nik nahiago Guardia Zibila geratzea

Amatiño 2015/01/14 00:45
Egia da, bai, ezker abertzaleak bere erritmo propioak dituela. Baina, gaitzerdi, erritmook beti berdinak balitu. Txarrena da, ordea, ikaragarri erritmo azkarrak dituela bere iragan gaiztoa ahazteko eta benetan geldoak, aldiz, txarto egina aitortzeko eta aldaketa urratzeko.

Laster jakingo dugu astelehen goizeko atxiloketen iturburuan ganorazkorik ezer badagoen, ala ez ote den guztia indar-erakusketa hutsa izan. Baina, zer nahi delarik, gertatuak gidoiz kanpo hitzeginarazi dio ezker abertzaleari eta, aukeran…

Segurutik, ezker abertzaleak salatu bezala, ez da batere normala iruzur fiskalik egiteagatik inor egunsentian atxilotzea, baina ETAkoek bat baino gehiago erail zuten iraultza-zerga ez ordaintzeagatik, hartaz ezker abertzaleak tutik ere, sekula, esan ez arren. Bai, badakit ez dela berdina. Horregatik, hain zuzen, berdina ez delako, nik, aukeran, nahiago goizean goizo atxilotua izatea, inoren eskutan akabatua amaitzea baino.

Batek daki egia ote den letraduek kontakatiluarenak egiten jardun ote duten presoekin eta, baiezkotan ere, auskalo arrazoi nahiko ote den inor horregatik atxilotzeko. Baina ETAk José María Portell kazetaria garbitu zuen, behar ez zen tokian behar baino gehiago hitzegiteagatik, nonbait. Eta, aukeran, nik nahiago espetxean lo egitea, emaztea alargun eta seme-alabak umezurtz uztea baino.

Segurutik arrazoi du Hasier Arraizek esan duenean, abokatuen armak “boligrafoa eta papera” baino ez direla izan. Baina… zer gehiago zuten ba Jose Luis de Lacallek (El Mundo) eta Santi Oleagak (El Diario Vasco) ETAk garbitu zituenean? Zer besterik, José Javier Urangak (Diario Navarra), zortzi tiroz josi zutenean? Zer, Gorka Landaburu (Cambio16), Aurora Intxausti (El País), Juan Palomo (Antena3) edo Carlos Herrera (RNE) kazetariek lehergailu-bilgo bana euren etxe-baitan jaso zutenean? Nik, aukeran, nahiago goizean goizo, pijamatan bada ere, atxilotua izatea, aurreko edozein kazetariren egokiera baino.

Bai, nik ere nahiago Guardia Zibilak alde egitea eta Gernikako Estatutuak gogoan duen polizia besterik ez geratzea. Baina, garbi gera bedi gero, aukeran, ETA ala Guardia Zibila, nik nahiago ETAk behingoz alde egitea eta gero, gerokoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: