Athletic: gogoaren indarra
Athletic geuria komikia Muskizko aitite zaharrak Nerea bilobari kontatzen zion Athleticen historiatxoa baino ez zen. Zelan sortu eta zelan dirauen --Pitxitxi, Iriondo, Zarra, Panizo, Gainza, Arieta, Iribar, Koldo Agirre, Julen Guerrero eta makinatxo bat gehiago tarteko-- betidaniko harrobian zehar eta lantzean behingo gabarran barrena. Komikia Petronorrek eragin zuen arren, ipuina Antton Irusta idazle eta irakaslearen ideia izan zen eta marrazkiak, berriz, Enrique Morenterenak.
Oraingo bigarren argitalpen honi Athetic: gogoaren indarra deritza eta historia berbera da, ezin bestean, azken hiru urteotan izan diren gertaerak edo ezik. Batetik, historia hobetzen beti ere lagungarri diren emaitza dezente onak eta, bestetik, zenbait jokalari-aldaketa, urtez urte. Joan ziren joan Yeste, Orbaiz, Joseba Etxeberria eta abar, eta etorri dira etorri Iker Muniain, De Marcos, Ander Herrera, Iturraspe... Katea ez da eten.
Hiru mila ale atera dira Durangoko Azokarako bereziki. Bi mila euskaraz eta mila gaztelaniaz. Athletic: gogoaren indarra, euskaraz, eta Athletic: el rugido rojiblanco, gaztelaniaz. Ez omen da itzulpena. Tira, ondo dago jakitea.
Jose Luis Arredondo, Petronorren ordezkaria; Josu Urrutia, lehendakaria; Antton Irusta, ipuinlaria, eta Enrique Morente, marrazkilaria.