Athletic Clubaren mapa eta koloreak
Diktaduraren garairik arnasestuenean, 1950 hamarkadako eskola nazional frankistak erakutsi zigun Espainia, Europa zein mundu osoko mapa fisikoak eta politikoak bereizten, eta ez da erraz ulertzekoa nola demokrazian (1) unibertsitate-ikasketak egin dituen jendea ez den oraindik hartaz jabetu. Euskal Herri osoaren mapa Sabino Aranaren (1865-1903) asmakizuntzat jotzea, berriz, ezjakintasunik larrienaren adierazgarri besterik ez da.
Artxibo zahar eta hautseztatuetan sartu beharrik gabe, edonork jakin dezake gaur egun, Joan Perez Lazarragak hiru aldiz (1564-1567) aipatu zuela “eusquel erria” (2) bere eskuizkribuetan, beste behin Joannes Leizarragak 1571ean (3), Oihenartek lurraldeak 1638an (4), eta 1643an, berriz, Axularrek "zazpiak bat" (5) zehaztu. Eta, batere aditua izan beharrik ere ez dago jakiteko (edo jakin nahi izateko), aurrenetako euskal mapa osotuaren profila (6), barrena, Sabino Arana jaio baino mende bi lehenagokoa dela.
Ezein politikaren aurretik, Euskal Herriarekiko kartografia (7) ugaria da azken bi mila urteotan zehar eta, izenak berak dioenez, zazpi lurraldeen soslaia, lehen eta behingoz, euskararen mapa da, Louis Lucien Bonaparteren euskalkien mapa (8) edo ETBk egunero azaltzen duen eguraldiarena (9) den bezalaxe.
Ikurrinari dagokionez, berriz, ezin zaio --beste edozenbat banderari bezala-- sortze beretik darion esanahi politikorik ukatu baina, aspalditxodanik, ikurrina hori baino nabarmen gehiago da. Ikurrina izan ere bada euskararen eta euskal jatorriaren ikurra: Iparraldeko udaletan, han-hemenkako euskal-etxeetan, munduan zeharreko euskal migratzaileen artean -- AEBetako Nevadatik, Kanadako Saint-Pierre-et Miquelon hiriraino, Australian zehar--, denetariko kirolzaleen ekitaldietan (10), "edozein herriko jaixetan" (11) edo hizkuntzaren hautua egiteko hainbat makina automatikotan. Ikurrinak gehiago du egun jatorri eta hizkuntza-kolore adierazkorretik, politikatik baino.
Athletik Clubaren harrobia ere eguraldi-maparen pareko da eta, jakina denez (12), mapa eta kolore horiek bere egiten dituzten jokalariez baino ez da osatzen. Hartara, clubaren filosofia bazkideek gustuko duten artean, zein da arazoa? Zer da berririk, lehen ez genekienik?
---oo0oo---
1) Diktadura vs demokrazia: "El País Vasco" gida-liburua (515 orrialde) argitaratu zuen Pio Barojak 1953an, Bartzelonan. Lehen atalari (13. or) "Siete en una" zeritzan, Hegoaldeko lau eta Iparraldeko hiruak, zazpiak bat alegia. 1988an argitaratu zen bigarren argitalpena Madrilen, Nafarroa eta Iparralderik gabe. Don Pio 1956an hil zen eta ez zuen sekula jakin egin zioten aldaketaz. Hori bai idazlearen nahiaren beraren kontrako erabaki politikoa. Diktaduraren garairik latzenean zilegi izan zena, ez zuen komenigarritzat jo demokraziak.
2 )...beti çagie laudatu çegaiti doçun eusquel erria aynbat bentajaz dotadu. / ...çegayti eusquel errian dira ederr guztioc dotadu./ ...çeñetan ditut eçautu eusquel erriau oy nola eben erregue batec pobladu.
3) … ukanen duela sartze eta avançamendu Heuskalherrian. Testamendu Berria, 1571.
4) “… citra (batetik) Navarri, Iaccenses, Alavenses, Ipuscvates & Biscaini. Ultra (bestetik) Gascones & Vasci". Notitia Vtrisqvue Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae. Paris, 1638.
5) "Zeren anhitz moldez eta differentki minzatzen baitira euskal herrian. Nafarroa garaian, Nafarroa beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba-herrian eta bertze anhitz lekhutan”. Gero, 1643 (ortografia 1964eko argitalpenekoa da).
6) Melchior Tavernier. Paris, 1642.
7) “Mapas para una nación”. Euskal Herria en la cartografía y en los testimonios históricos. Jose Mari Esparza, 2011.
8) “Carte des sept provinces basques. La delimitation actuelle de l’euskara”. Londres, 1863.
9) Eguraldiaren berri emateko, ETBk hasiera beretik hartu zuen eredutzat Alemaniako zenbait telebistaren hizkuntza-moldea, zeinean, Joseba Arregik argudiatu bezala, Austriaren mapa ere sartzen zen, biek hizkuntza berbera dutenez gero.
10) Iruñeko El Sadar futbol-zelaitik, Giroko zein Tourreko Alpeetaraino, Himalaian barrena.
11) Baita Eskiulako bestetan ere, nahiz Biarnoko udalerria izan.
12) Aurreko denboraldietako elastikoetan ikurrin berbera eraman izan dutenez gero.
