Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Asier eta biok: topiko guztiak

Asier eta biok: topiko guztiak

Amatiño 2014/02/01 23:50
Bakeak egiteko azken hogeita hamabost urteotako kontakizuna adostu behar dugun honetan, “Asier eta biok” filmak nolabaiteko eztabaida, hausnarketa eta zubigintza eskaintzen omen ditu. Aitortu behar dut, ordea, ni neu behintzat ez naizela gauza izan dokumental honetan eztabaida berririk sumatzeko, hausnarketa sakonik barneratzeko eta inolako zubigintzarik aurkitzeko. Alderantziz: “Asier eta biok” aspalditxo gainditutako zenbait topikoren bilduma besterik ez da.

Topikoa da ETAkoak 1936ko gudariekin alderatu nahi izana; topikoa, ETAren ekintza armatua gerratzat jotea; topikoa, Herri honen defenditzaile sutsuenak ETAkoak izan direla uste izatea, besteok “divanean” etzanda egon garen bitartean; topikoa, Euskal Herria ordezkatu lezakeen “gu” nagusi bat dagoela esatea eta “gu” bateratu horrek, hain zuzen ere, independentzia-erreferendumik eskatzen duenik sinestaraztea. Topiko larria da arrazoi politikoengatik inor hiltzea zilegi dela aldarrikatzea eta are larriagoa, berriz, adieraztea, ETAkoek ez zutela inor hil baino beste aterabiderik izan. Hauek astakeria guztiak pasadizoan azaltzen dituen dokumentala ona, txarra edo erdipurdikoa izan daiteke, baina ez du ezein zubigintzatarako balio.

Aitor Merinori ikaragarri ardura zaio, antza, nola arraio azaldu Madrilgo lagunei berak baduela adiskide min bat ETAkoa dena. Nire lehentasuna besterik da, ordea. Madrilgo lagunak alde batera utzi eta nik nahi nuke baten batek azaldu diezaidan zergatik erail zizkidaten bizpahiru adiskide, zergatik iraultza-zerga eskatu pare bat senideri eta zergatik uste izan zuten zilegi zela inor izutzea eta mehatxatzea.

Aitorrek pasatzen du pelikula guztia inor konbentzitu gurarik zergatik duen Asier adiskidetzat. Asierri, ordea, bost axola zaio Aitor, eta beronen adiskidetasuna ez dago haren lehentasunetan. Asierrek beti daki non dagoen, zeharo koherentea da bere hautu bortitz eta izugarri horren baitan. Aitor on hutsa, aldiz, beti agertzen zaigu bere burua kokatu ezinik, ingenuitate santuan.

Aitor ari da beti itxaroten, egiten duena egiteko Asierrek arrazoi eta ideia handiak izango ote dituen itxaropenetan. Baina Asierrek ez du balore handitan sinesten, unean uneko estrategietan baino. Estrategia aldatu eta kitto. Lehen lehengoak eta gero gerokoak. Hemen-ez-da-ezer-pasatu. Ze onak garen gero. Jo-ta-ke irabazi arte!

Aitorrek egin omen du film hau azaltzeko Madrilgo lagunei, nola litekeen berak lagun bat izatea ETAkoa dena. Nago, ordea, nahita edo nahiezta, ETAkoen inguruko mundu dogmatiko horren erradiografia eskaini digula Madrilgoak ez garenoi, alegia: zer gerta ere, estrategia batez nahiz bestez, beti eurena aurrera.

Asier eta biok

Asier eta Aitor

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: