Artista
Ez da gero honezkero gaztea (Legazpia, 1966) Juan Kruz Diaz de Garaio Esnaola. Sei urte zituela hasi zen musika ikasten eta kontratenore on samartzat ekin zion lanari Amsterdamen, goi mailako musika-ikasketak Donostiako Kontserbatorian amaitu ostean. Amsterdamen ezagutu zuen Marcelo Evelin koreografoa eta honen eraginak erabat aldatu zuen legazpiarraren norabidea. Dantzari lehenik, koreografo gero, gaztetako kantaria gai da, egun, “performance” kutsuko ikuskizunak burutzeko, musika barrokoaz, flamenkoaz zein Caribeko erritmoez baliatuz. "Artista euskalduna", Iparragirrek esango lukeenez.
Donostiako Kursaalean Lau elementu (Rebel) eta Lau urtaroak (Vivaldi) eskaini zizkigun, dantzari gisa aurrena eta koreografo edo errejidore lanetan, bigarrena. Aukeran, bigarren hau nabarmen biziagoa, ikusgarriagoa eta harrigarriagoa.
Norberaren kalitateaz eta maisutasunaz gainera, sekulako “auctoritasa” behar da Akademie Für Alte Musik Berlin mailako orkestra jendaurrean dantzan jartzeko. Eta profesionaltasun demasa gero, musikari guztien aldetik, nork bere musika-tresna jotzeaz gainera inork jarritako antzez-haria jarraitzeko, hainbat eginkizun interpretatzeko eta eskailera buruan, etzanda, ahuspez edo buruz behera biolina edo dena delakoan jotzeko.
Vivaldiren “Lau urtaroak” eresti guztiz ezagunak hiru mende ditu. Ezinbesteko sormen berezia behar da, bai, honen konposizio klasikoa estreinakotzat aurkezteko.
Juan Kruz Diaz de Garaio, "Lau elementu"
Midori Seiler eta Juan Kruz Diaz de Garaio, "Lau urtaroak" (udazkena)