Artikoa, azken hatsetan
Hamabost urte geroago, klima-aldaketak eragindako itsas-izotza urtzeak eta Vladimir Putinen interes politiko, ekonomiko eta militarrak berriro indarrean jarri dute Artikoaren garrantzia. Egitasmo honen adierazgarri, 2007an itsaspeko txiki biren artean bandera errusiarra kokatu izana, Lomonosov dortsalean, Artikoaren hondo-hondoan, lehorraren jabetza ez ezik itsas-plataforma osoarekiko eskubidea ere aldarrikatuz.
Geroztik, isilik-misilik, otzan asko, Artikoa gero eta gehiago epeltzen ari da (4), milaka urteko orekak aldatzen dihardu zentzu guztietan, izotza %13 murrizten hamar urtetik behin, eta, zientzialarien ustez, bankisak ez du Artikoan 2050 urte arte askorik iraungo (5).
Izotzik ezak ontzi-trafikoa erraztu eta areagotuko du eta, Errusiako itsas-bazterraren kasuan, betidanik izotzak gotortu eta babestu izan dituen kostaldeak gero eta zaugarriagoak bilakatuko dira inoren aurrean. Baita Artikoko lehen gaien artean dagoen aberastasuna azaleratu eta ahalbideratuko ere. Ehizaren debekualdia amaitu da, nonbait. Harraparien ordua heldu da. Bigarren Gerra Hotzaren ataritan ote?
Bost (6) dira Artikoarekiko eskubideak aldarrikatzen dituzten herrialdeak: Errusia, Kanada, Estatu Batuak (Alaska), Danimarka (Groenlandia) eta Norvegia. Baina ez, ostera, neurri edo premia berean. Artiko osoko kostaldeak 69.000 km. luze badira; Groenlandiak 28.000 inguru (7) ditu, Errusiak 24.000, Kanadak 15.000, Alaskak 2.000 baino gutxiago eta Norvegiak Nordkapp muturraldea eta Svalbard uhartedia besterik ez.
Hala ere, batzuon eta besteon arteko aldea ezin da kosta-kilometrotan soilik neurtu. Groenlandiak 57.000 biztanle baino ez dituen artean, errusiar Murmansk hiriak 300.000 ditu, eta Errusiak berak Artikoan bertan dituen zerbitzuak, portuak, itsaspekoak eta bestelako ontziak gainerako herrialdeek elkarrekin dituztenak baino gehiago dira. Esaterako EEBBek bi ontzi izotz-hausle zientifiko baino ez dituen artean, Errusiak berrogeita hamarretik gora ditu, eta ahalmen militarrez egokituak (8).
Ikuspegi honetan, etorkizun-estrategiaz eta logika militar soilez, EEBBek “hil-ala-biziko” behar izango lukete Groenlandiaz nola hala baliatu (9), ez bihar-etzi, baina bai behintzat hurrengo hamarkadetan, inork ez baitu honezkero zalantzan jartzen hogeitaka urte barru Artikoko izotza historia-kontua baino ez dela izango eta, izotzaren ordez arolduko diren jatorri, era eta molde guztietako lehen gaiek (10) munduaren etorkizuna baldintzatuko dutela. Nahiz, segurutik, batez beste, onerako ez izan. Baina... inork egingo al du atzera?
---oo0oo---
1) Uste baino elkarren hurbilago, distantzia misil-kilometrotan neurtuz gero.
4) Gainerako Lurra baino hiru-lau bider azkarrago.
5) "Los desafíos del Ártico". 2025
6) Arctic Five.
7) Uharteak beste 16 milaren bat ditu baina Artikotik kanpora.
8) Harrigarria, gero, oraintsu Venezuelako presidentea segundutan bahitzeko gai izan den armada ahaltsuak Artikoan duen hutsaren hurrengoa. Bistan da EEBBek urteak daramatzatela Artikoari bizkar emanda. Horra nondik oraingo presak, larrialdiak eta atzea estutu beharra.
9) 1946 urtean, Truman presidente zelarik, EEBBek nahi izan zuten Groenlandia erosi 100 milioi dolarren (urretan) truke, baina Danimarkak ez zuen nahi izan saldu. Baita Trumpek erosi nahi ere, 2019an. Zer gerta ere, Groenlandia ez da Venezuela, besteak beste, Danimarka eta EEBBak, biak, NATOkideak direlako. Nork daki zehatz zer nahi duen Trumpek, baina EEBBek ez dute Groenlandia erosi beharrik bertan base militarrak jartzeko (bat dauka une honetan indarrean eta ez du gehiago, zituen zenbait bere kasa itxi zituelako) ez eta Danimarkarekin batera bertako baliabideak elkar-kudeatzeko ere. Baina hori al da benetan nahu duena?
10) Egin diren aurre-ikuspenen arabera, Artikoan omen dago aurkitzeke den petrolioaren %13, gasaren %30, diamanteen 26,8%, tungstenoaren %9, zinkaren %8, kobrearen %3,8, urrearen % 3,2%, burdinaren %2,3 eta ikatzaren %2. Baita ere arrantzaren %12 eta inor neurtzen ausartzen ez den lur eta mineral arraroen meatzeak. CESEDEN. Espainiako Defentsa Ministeritza..
