Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arriaga, “euskal Mozart”, ez gazterik hasi zelako soilik

Arriaga, “euskal Mozart”, ez gazterik hasi zelako soilik

Amatiño 2026/01/18 18:30
Aurreko larunbatean bete ziren 200 urte hil zela, Parisen, Juan Crisóstomo Arriaga (1), “euskal Mozart”, sekulako musika-konpositorerik onenetakoa, besteak beste, Antxieta, Ravel, Guridi, Sorozabal, Aita Donostia, Escudero eta beste hainbatekin batera.

Berriatuko organo-jotzailearen semea izaki, nekez izan daiteke aitak semea Johannes  Chrysostomus Mozart handiaren izen berberaz ezustean bataiatzea, are gutxiago musikari austriarraren egun berean jaio zenez, berrogeita hamar urte geroago.

“Euskal Mozart” (2) ere, nonbait, biolina jotzen eta musikagintzan umetatik hasi zelako, ez baitzuen bere konposiziorik ospetsu eta ezagunena, Los esclavos felices (3) hamahiru urte baino ez zituela burutu. Hain zuzen ere, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Hegoaldeko lau hiriburuetan eta Donibane Lohizunen aurreko astean eskaini izan duena (4).

Eta, musika-aditu guztien arabera, “euskal Mozart”, batez ere, 19 urtez hil arren, azaldu izan zuen izugarrizko musika-talentuagatik, inork irakatsi gabeko teknikak eta baliabideak bere kasa sumatzeko eta erabiltzeko gauza izan zelako.

Hamabost urte zituela, aitak Parisa bidali zuen musika-ikasketan egin zitzan eta bertan hil zen, 1826ko urtarrilaren 17an. Haren biolina, eskuizkribu eta pentagrama-zirriborroak Bilbora iritsi ziren kutxa batean eta ganbaran iraun zuten, guztiz ahaztuak, Emiliano Arriaga loba-bilobak berreskuratu eta 1887an Arriaga Batzordea sortu arte. 1956an (jaio zeneko 150. urteurrenean) Bilboko Udalaren eskuetara pasatu zen haren ondarea eta Arriaga Museoan (5) gorde.

---oo0oo---

1) Juan Crisóstomo Arriaga.

2) Nazioarteko kritikan zaharragoa da "Mozart espainiarra"  deitura.

3) Inoiz amaitzerik izan ez zuen operaren obertura.

4) Aurreko larunbatean, berriz, Arriaga Antzokian bertan, Josetxu Obregon bilbotarraren zuzendaritzapeko La Ritirata orkestrak "Arriaga eta bere garaiko oihartzuna" eskaini zuen.

5) 1983ko uholdeek erabat sutsitu zuten museoa, zenbait agiri begiztatzerik bada ere Bilboko Liburutegi Digitalean. Bestalde, Arriaga Antzokiaz gainera Arriaga kontserbatorioa ere bada Bilbon, eta Arte Ederren museoaren atarian dago Francisco Durrioren eskultura, herriko semearen omenetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: