Arrate Irratiaren urteurrena: 50, 30 ala 25 urte?
Bai, aurreko Gabonetan berrogeita hamar urte bete ziren Arrate Irratia emititzen hasi zela, Don Pedro Gorostidiren asmoz, gogoz eta eraginez. Programazio apala eskaini arren entzulego handia bereganatu zuen, ez baitzen orduan beste euskal irratirik, Segurakoa* edo izan ezik.
Arrakasta dezente lortu zuenik ezin uka, bestela ez zuen-eta Francoren diktadurak lau urte t´erdi geroago itxiaraziko. Ez, ez zen giro 1964an euskaraz ezer egiteko, ezta errosario santua errezatzeko ere.
Demokraziak oinarrizko eskubideen eta ahalbideen ateak ireki zituen, baina baita bete beharreko lege-arautegiak eta baldintzak ezarri ere. Batere baimenik gabe 1978an hasitako Arrate Irratiak paperak egin behar izan zituen, gutxieneko arauak bete eta, oso oker ez banago, 1983ko uda aurretik lortu zituen estreinako frekuentzia-baimen guztiak Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
Ni 1980tik 1982ra bitartean Euskara Zuzendari izan nintzen Kultura Sailean eta ondotxo dakit Don Pedroren etenbako deien, ahaleginen eta kemenaren berri. Jakin ere badakit Arratekoa izan zela bere egoera legeztatu zuten aurren irratietako bat. Badakit Don Pedrok pozarren eta urbitsetan hartu zuela lege-segurtasun hura eta badakit lorpen hura nori zor izan zitzaion batez ere, 25 urte geroago orduan egindakoaz harro jarraitzen du-eta.
Baina Arrate Irratiari ahaztu egin zaio edo, behar bada, txikikeria iruditzen zaio. Don Pedrori behintzat ez zitzaion horrelakorik iruditu. Ezta hurrik eman ere!
* Radio Segura Irratia. Cesáreo Elgarrestak sortua, 1956an.