Arpa jotzen
Hotzak gogotik jo arren, astebete daramate kalefakziorik gabe ekialdeko Europan. Jainkoak ere astebetean egin omen zuen mundua. Astelehenean gautegunak egin zituen; asteartean zeru-lurrak; asteazkenean, zuhaitzak; ostegunean izarrak; ostiralean animaliak; eta, larunbatean, azkenik, gizakiak. Bibliak ez du esaten noiz egin zituen Jainkoak petrolioa eta gasa.
Orain arte arduratu ez arren, azken urteotan hasiak gara konturatzen Jainko jaunak ez gintuela europarrok gogoan izan energia iturriak banatzeko orduan. Hain kristau zintzoak izanda, ez dugu ulertzen zergatik Jaungoikoak petrolio eta gasik gehiena jende txairo eta gaizto artean zabaldu zuen.
Energiak urritu behar izan du gu jabetzeko, petrolioaren hamarretik bederatzi Iran, Irak, Errusia, Libia, Nigeria eta Arabialdean dagoela. Eta gasa, berriz, Errusia, Iran, Qatar, Venezuela eta Algerian. Herri alproja, populista eta batere tradizio demokratikorik gabekoak, bistan denez.
Europak ez du, ez, energiarik, baina ezta estrategia bateraturik ere. Egunen batean Ukrainia, Turkia edo Gibraltarreko grifoak itxiko dizkigute eta zerura begira geratuko gara, galdezka, zer egin ote genuen txarto Jainkoa gurekin horren gaizki portatzeko. Eta Jainkoak erantzungo digu: Eta zuek europarrok ondo bizi, arpa jo eta erruak inori leporatzeaz aparte, zer besterik dakizue egiten?
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko urtarrilaren 13an.
Ukrainia
Turkia
Algeria