Arnaga Etxea, aberats-etxea
Arnaga Etxea Joseph-Albert Tournaire arkitekto paristarrak eraiki zuen, 1903-1906 urteetan, Edmond Rostand (Marseilla, 1868 – Paris, 1918) idazle (Cyrano de Bergerac, L´Aiglon, Chantecler…) dirutsuaren aginduz.
Eraikina “euskal estiloz” (néobasque) jasotako lehenengoetakoa da eta garai hartako arte (Art Nouveau), margo, altzari eta joeren lekuko da baina, baita, orduko teknologiaren araberako etxe-zerbitzuen adierazgarri ere.
Izan ere, segurutik ikusgarriak dira Arnagako jardin frantsesak, zuhaizti ingelesak eta urmael erromantikoak; ikusgarriak, bai, jangelak, logelak, liburutegiak, lan-bulegoak, margoak, ispiluak, beira-arasak eta gainerako pitxi guztiak; baina, ene irudiko, nabarmen interesgarriagoak gero komunak nahiz sukaldeak, eta, bereziki, asmatu berria zen argindarrak eskaintzen zituen zerbitzuak. Alegia: ur beroa, sauna, berokuntza zentrala, etxe barruko dei-sistema etab.
Etxerik gehienetan ez komunik eta ez argindarrik ez zegoen garaietan, bazen gurean komuna eta bainugela bereizten zituen familiarik eta ur beroa txorrota ireki ahala zerionik.