Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arima galdu duen mamu-herria

Arima galdu duen mamu-herria

Amatiño 2024/11/03 23:25
Historian milaka izan dira gerratan birrindutako herriak, gero, herritarron kemenez, berriro jasotakoak. Nora ezean betiko suntsiturik geratutakoak gutxi izan dira, edo galdu ostean herritarrek alde egin behar izan zutelako, edo etsai irabazleek etxeak berritzen utzi ez zietelako. Haatik, ez da erraza aurkitzea kasurik, zeinetan herritarrak garaile izanik, ez zuten gero euren herria (1) berreraikitzerik izan. Salbuespenik bada, ordea: Belchite.

Belchitekoa izan omen zen 1936-1939ko gerrako gudurik gogorrenetakoa. Bi aldekoen artean 5.000 lagun inguru hil ziren hamalau eguneko liskarrean. elkarren kontrako buruz buruko erasoaz, kalez kale, etxerik etxe eta gelaz gela.

Belchiteko guduak (1937) ez zukeen gertatu beharrik, baina inon idatzi gabeko patua Belchiteren kaltetan gauzatu zen ezustean, Zaragozara bidean nonbait babestu nahirik-edo, zenbait falangista-multzok Belchite atseden-lekutzat aukeratu zutelarik.

Batetik, Zaragoza hartzera zihoan gudaloste errepublikanoak pasamisi egin eta aurrera jarraitu beharrean, bide batez erretagoardia garbitzea erabaki zuen --goi-agintaritzak besterik adierazi arren--, ezer gutxi kostatuko zitzaiolakoan. Bestetik, Zaragozako armada “nazionalak” ordena eman zien Belchiteko herritar eta bertaratutako falangistei edozelan tinko eusteko, errepublikarrek ahalik eta nekezen iritsi zitezen Zaragozaraino. Eta horra nola, sekula elkarrekin topo egin beharrik ez zuketen bi indarrak Belchiteko infernuan korapilatu ziren, bortizki, eta herri osoaren suntsiketa eragin.

Belchite erabat birrinduta geratu zen, baina errepublikanoek ez zuten Zaragozaraino heltzerik izan. Eta Francok, esker onez, agindu: “Zin dagizuet, Belchiteko hondakinen gainean eraikiko dela hiri eder eta zabala, parerik gabeko heroismoaren omenetan”.

Gerra 1939an amaitu eta, heroiak omendu beharraren beharrez, herria “Belchite de Franco” bataiatu arren, garaileen gobernu berriak iritziz aldatu eta  berreraikitze lanik zein konponketarik txikiena debekatzea erabaki zuen, triskantza hark “basakeria Gorriaren“ lekuko eta ezaugarri iraun zezan. Ordutik hala dirau 87 urtez, bai,  baina auskalo harako basakeria gorriaren lekuko ote, ala botere autista bezain harroaren salagarri.

Belchitek 3.812 biztanle zituen 1935ean. Gaur egun (2023),  guztira 1.530 baino ez dira, herri zaharretik kilometro ingurura bizi direnak, "kolonizazio" (2) estilodun herri berrian (3).

Belchite zaharra, berriz, lurrikara jasan izan balu bezalako mamu-herria da egun. Bisita gidatuak (4) egiten dira, eta gidaria, hondamendi hura jasan zutenen ondorengoa dela aitortzeaz gainera, nabarmen ahalegintzen da azalpen neurtuetan orekarik ez galtzen.

Oreka-kontutan artista dena atarian dagoen sasimilizianoz jantzitako tipoa da, argazkia ateratzeagatik turistek noiz ezer ordainduko zain. Groucho Marxen eskolakoa da, antza: “Honela jantzia nauzu, baina gustuko ez baduzu… besterik ere badut”. Nahiera-argazkia. Zergatik ez?

1) Gerra aurreko azken hauteskundeen arabera, hamaika zinegotzietatik, bederatzi eskuindarrak ziren, bat errepublikanoa eta beste bat sozialista.

2) Arkitekto arduradunek erabilitako terminologia.

3) Francok berak inauguratu zuen Belchite berria, 1954ean.

4. Urteko 10.000 bisitari inguru.

.

Belchite2
Belchiteko hondamendia, 87 urte geroago. Basakeria gorriaren lekuko ala botere autista bezain harroaren erantzukizunik eza ote?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: