Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arestirenak... debalde

Arestirenak... debalde

Amatiño 2026/11/25 17:30
ZINEBI (1) programaren lehen egunean aurkeztu da, Guggenheim museoaren auditoriumean, Josu Erguinek ekoitzitako (2) “Aresti eta abesti” dokumentala non, Juanfe Garcesen zuzendaritzapean (3), biltzen diren Gabriel Aresti poetaren sei olerkitan oinarritutako beste hainbat abesti.

“Apur dezagun atea” (Olatz Salvador), “Guretzat berdin dira” (Olaia Inziarte), “Nire poesia” (Lide Hernando), “Egun da Santimamiña” (Josune Arakistain), “Guk euskaraz” (Ana Arsuaga) eta “Emazurtz” (Kattalin Barcena) dira dokumentalak biltzen dituen abesti eta abeslariak, eta interpretazioaren osagarrri, berriz, Amets Aranguren, Edurne Azkarate, Paul Beitia, Maider Galardi, Ane Garcia eta Andoni Imaz elkarrizketagileek beren-beregin eragindako ekarpenak.

Gabriel Arestik 1960ko hamarraldian burutu zuen bere literatura-lanik gehiena (4), eta garai hartako zein ondoko Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo edo Urko bakarlariek nahiz Oskorri taldeak eta bestek, Arestiren hainbat poema musikatu zituzten eta Arestiren beraren promesa betearazi, alegia “nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari”. Bete betean asmatu zuen, nonbait, mende erdi geroago haren olerkiak kantatzen dituztenen artean nagusi dira-eta Arestirenak direnik ere ez dakitenak.

Hain zuzen, dokumentala azaldu ostean  museoaren atarian norbaitek lasai asko bota zuenez: “Nork esango, letra horiek Arestirenak direnik. Nik beti uste izan dut Egun da Santimamiña (5) gure aitona-amonen denboretako herri-kanta zaharra zela.” Eta beste batek ezarri, “ba... nik uste nuen Guk euskaraz, zuk zergatik ez?” (6), 'Kilometroak' ekitaldiren bateko sintonia-edo zela!” Eta, hari beretik, honako hausnarketa: “Horraitino… Arestiren sormenari bape meriturik kendu barik, batek daki letrok  plazaratu ebezen kantariok be ez ete daben, gizarte mailan, beste horrenbesteko meritu edo gehiago merezi!” (7).

---ooOoo–--

1) ZINEBI Bilboko Zinema Dokumental eta Film laburren Nazioarteko Zinemaldia

2) Digitalak. 

3) Zuzendaritza, argazkia eta editaia Juanfe Garces. Gidoia, Gorka Arrese, Soinua, Iñigo Azkue & Mediavox. Musika, Juantxo Zeberio. Banatzailea, Euskaltzaindia (Andres Urrutia euskaltzainburua bera izan  zen aurkezpenean).

4) Nahiz “Harrizko Herri Hau" 1970ean argitaratu, "Harria" saileko hirugarren eta azken alea da, "Harri eta Herri" (1964) eta "Euskal harria" (1968) lanen ondotik eta osagarri.

5) "Egun da Santimamiña" 1964eko "Harri eta Herri" bilduman argitaratu zuen Arestik, eta Mikel Laboak 1966an musikatu.

6) Poema hau ere 1964eko “Harri eta Herri” alearen altzopean azaldu zen eta Urkok 1976an musikatu. Aresti aurreko urtean hil zen (41 urte zituela),eta, hartara, ez zuen kanta gisa plazarik plaza ezagutu.

7) Arestik esan bezala, "herriaren ahotik hartu nuen debalde… eta debalde ematen diot". Zer ote lehenago, arrautza ala oiloa?

.

Aresti eta abesti
Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Olatz Salvador, Olaia Inziarte, Katalin Barcena,Lide Hernando, Ana Arsuaga eta Josune Arakistain.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal